argia.eus
INPRIMATU
Soldata arrakala salatzeko greban dira eraikin eta lokaletako garbitzaileak Gipuzkoan
  • Eraikin eta lokalen garbiketan aritzen diren gehienak emakumeak dira, kale-garbitzaile gehienak berriz, gizonak. Gizonen eta emakumeen artean 5.401 euroko soldata arrakala dagoela salatu eta lan baldintzak hobetzeko eskatzen ari dira eraikinetako garbitzaileak Gipuzkoan, lau eguneko greban.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 16a

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileak 6.700 dira eta martxoaren 15etik 18ra greban dira, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta. Nabarmendu dute lan honetan gizonek 23.183 euro kobratzen dutela eta emakumeek 17.784 euro, baina patronalak ez duela soldata arrakala onartzen eta feminizatuta dagoen sektoreari balioa kentzen diola.

“Soldata arrakalarekin amaitu nahi dugu eta gure lan-baldintzak hobetu. Herri honetako politikariek behingoz neurriak hartzea nahi dugu, gizarte hau bidezkoagoa izan dadin, benetako politika egin dezaten eta patronalari mesede egiteari utz diezaioten”, adierazi dute sindikatuek.

2019 eta 2020an patronalak ez ditu langileen soldata igo eta urtarrileko bi greba egunen ostean, 2021 eta 2022rako eskaintza %0,5 igo du, “2021erako %1eko eta 2022rako %1,5eko planteamenduarekin, KPIari inolako erreferentziarik egin gabe eta, beraz, erosteko ahalmenari eutsiko zaiola bermatu gabe”.