Soldadutza Frantzia soldatzeko (1918-2018)

  • Hego Euskal Herriak lau gerra bizi izan ditu azkeneko bi mendeetan, eta lauak, termino orokorretan, estatu espainiarraren aurkakoak izan dira. Ipar Euskal Herriak, aitzitik, bi gudu izugarri ezagutu ditu XX. mendean zehar, eta bietan euskaldunek frantziarren bandoan borrokatu zuten. Bakoitzaren historiak bide ezberdinetatik moldatu du gizartearen traza, eta Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoa ulertzeko nahitaez Lehen Mundu Gerran jarri behar da begirada.


2018ko urtarrilaren 25an - 10:15

Luze eta sakon aztertu du gaia Eneko Bidegainek, eta duela gutxi gogorarazi zigun aurten mende bat beteko dela kalamitate hura amaitu zenetik; nahiz eta ondorioak, bistan dena, pairatzen ditugun oraino. Jakin berri dugu frantziar estatuak soldaduska ezarriko duela berriz, derrigorrezkoa, eta beste behin euskal herritarrak behartuak izango dira zerbitzu militarra eskaintzera. “Zerbitzu nazional unibertsala”. Menderatua, mendez mende, menderatu.

Ehun urte ez dira ezer herri baten historian; baina ze urrun geratu diren “euskaraz baizik ez zakiten haien” garaiak, errepublika frantsesak bere asimilazio makinaria ondo baino hobeto erabili duen seinale.

Macronek gehiengo absolutua dauka nahi duena egiteko. Nahi duena egiteko parlamentuan; karrikan gehiengo horrek zerbaitetarako balio dion ikusteko dago. Frantziarrak beti izan dira onak kalean borrokatzen, demostratu dute azken urteetan ere, eta aurreikusi daiteke gobernuaren erabaki horrek oposizio latza piztuko duela estatu osoan zehar.

Adierazi denaren arabera, hilabetekoa izango da soldadutzan igaro beharreko denbora; 18 urte bete ondoren eta 21 urte kunplitu aitzin eskaini beharko dute. Behin denbora hori dedikatu ondoren, gazte horiek «erreserba» baten parte izatera pasako lirateke, «krisi garaian» haietaz baliatzeko. Berdin-berdina egiten da sardinekin: fresko jaten ez direnak kontserbatan sartzen dira, erreserban, krisi garaietarako.

Frantziar gobernuak kaka zaharra eskaintzen du, eta frantziar oposizioak ber gauza. “Bide herritarra” deituriko sistema proposatu diote Macroni; hots, 10 eta 16 urteko gazteekin “sentsibilizazioa aste bat” egitea. Eskoletan “Republique”aren dotrina ematea, erran nahi baita.

Biek ala biek, gobernuak zein oposizioak, soldadutza frantziar nazioa soldatzeko erabili nahi dute. Ezin dugu baimendu euskal herritar bakar bat ere behartutako soldaduskara joatea, gu guztion aurkako eraso zuzena izango baita. Hego euskal herritarroi beste zeregin bat gehitu zaigu motxilara: Bidasoaren beste aldetik deitzen gaituztenean, joatea.

Badirudi estatu espainiarrean ere soldaduska itzultzea eskatzen duten ahotsak bolumena igotzen ari direla azkenaldian.

 


 

Goizean jaso du gutuna
Michel Iriart soldaduaren amak
Semeak kasernatik izkiriatua,
Eta ireki orduko
Auzokoei erakutsi die.
Gero, sukaldera sartu
Eta irakurri du:
“Gerla maniobratan ari gara
gure etsaiena ere
geuk egiten dugu
eta, badirudi,
ez dugula eguberriotan
etxera joaterik ukanen,
bidal iezadazuz gaztainak,
mosuak, Michel“.
Amak orain
Gutuneko beste paper zatia ireki ,eta,
Letra ezagutu gabe,
So egin du:
“Gutun hori eman zidan bart Michelek,
goizaldean hil da,
lagun paregabea zen gu guztiontzat
doluminak, Jean Larrieu”.
Ama, malkoak dukatu,
Bigarren papera amantalpean gorde,
Eta kalera doa semearen gutuna auzokoei irakurtzera
… eta gaztainak erostera.

 

Joseba Sarrionandia

 

Artikulu hau Zuzeu orainkariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Militarismoa
Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Gerra danbor hotsak Europako Batasunean

Urtebete pasa da Mendebaldeari Ukrainako gerra okertu zitzaionetik. Xakean esaten da jokalari bat zugzwang posizioan dagoela egin dezakeen edozein mugimenduk kaltetuko badu. Mugimendurik egin beharko ez balu berdinketa lortuko luke, baina bere txanda bada, bereak egin... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude