argia.eus
INPRIMATU
Bi hildako eta tentsio uneak Krimeako hiri nagusietan
  • Tentsioak gora egin du astearte gauean, Krimeako penintsula Errusian sartu ondoren. Simferopolen tiroketa izan zen asteartean eta Sebastopoleko Ukrainako armadaren egoitza indar errusiazaleek hartu dute.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko martxoaren 19a
Simferopoleko tiroketaz bi bertsio kontrajarri eskaini dituzte gatazkan diren aldeek. Irudian soldadu Errusia zaleak (irudia: RT.com).

Bi hildako eragin zituen astearteko tiroketak: Ukrainako armadako kide bat eta Krimeako “autodefentsa miliziako” beste bat (milizia hori Errusiarekin bat egitearen alde dauden soldaduek osatzen dute).

Gertakarien bi bertsio

Ukrainako Defentsa ministerioko eledun Vladislav Selezniovek telebistan adierazi duenez, soldadu ukrainarrak bularraldean eta lepoan jasotako tiroen erruz hil da.

Uniforme errusiarrak jantzita, baina soldadu errusiarrak direla baieztatzeko moduko bereizgarririk gabe, hainbat militar Simferopoleko kartografia eta topografia militarraren zentroa indarrez hartzen saiatu direnean gertatu da tiroketa Seleznioven arabera. Beste militar ukrainar bat ere zauritu dute Selezniovek adierazi duenez.

Aldiz, gertakaria Ukrainako ultraeskuinaren probokaziotzat jo dute errusiazaleek. Krimeako segurtasun indarrek adierazi dutenez, autodefentsa miliziako kide bat ere hil da. Gertakariez Russia Todayk eman duen bertsioaren arabera, topografia zentroaren ondoan dagoen eraikuntza batetik frankotiratzaile batek egindako tiroek hil dituzte bi soldaduak.

Topografia zentroak ez du pertsonal askorik RTk dioenez eta, hedabide errusiarrean diotenez, Errusiaren parte izango den Krimean geratzeko dokumentazioa prestatzen ari dira bertako militarrak. Webgune berean irakur daitekeenez, frankotiratzaile bat atxilotu dute.

Sebastopoleko gertakariak

Autodefentsa miliziako kideek eta hainbat manifestarik Sebastopolen dagoen Ukrainako armadaren egoitza hartu dute asteazkenean. 8:00etan hasi dira eraikinaren inguruan protestak eta behin eremuan sartu ondoren, ITAR-TASS agentziaren arabera 50 soldadu ukrainarrek utzi dute eraikina. Indarkeriarik gabeko ekintza izan da hainbat iturrik emandako bertsioen arabera.