Zer lor nahi zezakeen Ipar Koreako erregimenak Errusiaren gerrarako egindako odol-ekarpenarekin? Batetik, eskarmentua; bestetik, elkarrekikotasuna.
Errusiak Kurskeko lurralde guztiak berreskuratu dituela iragartzearekin batera, nola Ipar Koreak hala Kremlinak onartu dute soldadu ipar korearrek parte hartu dutela Ukrainak iazko abuztuan abian jarri zuen operazioari aurre egiten. Parte hartu ez ezik, garrantzizko betekizuna izan dutela, laudorioak aintzat hartzen baditugu. Argitaratu denetik, bidenabar, ondorioztatu beharko litzateke sei hilabete inguruko esku-hartzea amaitutzat ematen dela lurralde horren berreskurapenarekin.
Gogoeta gutxiegi piztu du baieztapenak Mendebaldeko hedabideetan. Eta hausnartu denean, auto-berrespenerako izan da, ia salbuespenik gabe: “Esaten genuela guk Ipar Korea Errusiari laguntzen ari zitzaiola Ukrainako gerran; eta hara!”. Premisa okerretatik ondorio zuzenak eratortzea zail samarra dela gogoan izan gabe.
Hasteko, formalismo hutsa lirudikeena: Kursk ez da Ukraina. Eta arrunki ontzat eman baitaiteke ere ukrainar indar armatuek abuztuan han hasitako ofentsiba “Ukrainako gerraren” baitakoa dela, ez da, adibidez, Donbasseko erasoaren parekoa nazioarteko harremanetarako, Errusiari dagokionez. Juridikoki, elkarrekiko defentsa-itunari hel ziezaioketen Ipar Koreak eta Errusiak… juridikotasunak axola izan balie. Are garrantzitsuagoak dira, ordea, esku-hartze horren zergatia eta nondik norakoa. Ekar ditzakeen ondorioengatik.
Hasiera-hasieratik, ziurtzat eman zen Errusiak, nozitutako bajen ondorioz, bere gudarostean zuen soldadu-gabezia estaltzea, edo behintzat arintzea, izango zela ipar korearren ekarpena. “Kanoi-bazka” kontzeptua erruz erabili zen gure artean. Ezinbesteko konklusioa zen Errusiak eskatua –eta Ipar Koreak onartua– izan behar zuela operazioak.
Ahulegia zen tesia. Soldadu ipar korearrek Kurskeko frontean egin zezaketen ekarpenak nekez konpentsatuko zituelako nahitaez sortu behar zituzten endredoak: komunikazio- eta aginte-sistemak, logistika, taktiken automatismoak... Ipar Koreak ekarpen serioa egin ziezaiokeen –eta egin bide dio– Errusiari, adibidez, munizio-horniduran. Baina nekez izan zitezkeen lagungarriak haren tropak aginte-batasuna goiburu estimatuena duen Gerasimov jeneralarentzat.
Eta orain ikusten ari naizenak alderantzizkoa izan dela pentsarazten dit biziro: Ipar Koreak eskatua –eta Errusiak onartua– izan dela esku-hartzea.
Zer lor nahi zezakeen Ipar Koreako erregimenak Errusiaren gerrarako egindako odol-ekarpenarekin? Batetik, eskarmentua. Txinak bezala, beste eskala batean, bere indar armatuen gabezia nagusia gerra-esperientziarik ezean kausitzen du Ipar Koreak, bere soldaduek ez ezik egungo goi-arduradunek ere ez baitute halakorik. Ikuspegi horretatik, eskola bikaina zatekeen Kursk.
Elkarrekikotasuna legoke, bestetik. Bere lurraldean berandu gabe balizko gatazka armatua espero duenarentzat ez da berdin Errusia begirale interesatu hutsa ala zordun zuzena izatea. Odolkiak ez ezik odolak ere ordainetan izan beharko bailuke.
Oraingoan nekezago agertuko liratekeen “boluntario” txinatarren gabezia ordezteko.