argia.eus
INPRIMATU
Solastalgiaz eta nostalgiaz
  • Glenn Albrecht filosofoak sortutako hitza da solastagia, naturaren hondamenak sortzen duen krisi existentziala izendatzeko. Erosotasuna eta minaren arteko konbinazioaren emaitza. Diotenez, solastalgiak errazago egiten du habia naturarekin harreman zuzena duenarengan. Lehen kolpean, ordea, minarekin dugun solasaldia etorri zitzaidan gogora. Nostalgiaren antza ere badu, baina hori atzerako ispiluari begira joatea da. Bien artean bizi gara.

Josebe Blanco Alvarez 2023ko uztailaren 05a

Nostalgia, Debagoienan. Trekutzetik behera hasten zarela, hor goi-tentsioko lineetako dorreak eta kableak alderik alde. Behe-lainorik ezean, Beasain-Durango autopistak erauzitako mendietan jartzen du azpimarra. Paraleloan, AHTren bideak agerian uzten du mendiaren odolustearen lorratza. Magal berean, urrunean, harrobia, eta parekoan eukaliptoak. Behean, zuloan, Antzuola.

Solastalgia, Urola aldean. Etxerako bidean Izarraitz dut iparrorratz; Izazpi, Oleta eta Samiño alboan ditut negarrez, ahotsak baserri gutxitan aditzen dituztelako, denak beldurrez. Kostarratzutik beherako aldapak eskuinera jotzen duenean, Aralar azaltzen zait urrutian, Pagotxeta eta Irimo artean, podiumean bezala: urrezkoa, bigarren mailakoa eta tertzerakoak.

Eta, antza, mailaketa tristean oinarritzen da suntsiketaren dosifikazioa: urrezko mailakoak ukiezinak dira –momentuz–, bigarrenekoak komenentzia politikoaren arabera, eta tertzerako entierrokoak sakrifikagarri ziurrak.

Pandemia aroan paradisua izan ziren paisaia xumeetako biztanleok kondenatu gaituzte osatzen gaituzten parajeekin minez, eta minaz, solastatzera; egunero. Batzuen erabakimenez –eta besteen konplizitatez–, egiten gaituzten paisaiek diren hori izateari utziko diotelako.

Dolua bazterretan. Elikatzen gaituen iturburura itzultzerik izango ez dugulako. Soroak betiereko beltzera kondenatu dituztelako, sasoiko kolore aldaketa debekatuz. Mendien siluetan sumatzen den etorkizunarekin amestu ezingo dugulako.

Eta ezin beste inora joan. Nola, bada, utzi bazter hauek, han ez izatekotan? Gehienok industrialde erraldoian bizi bitartean, gutxi batzuek izango dute, bai, urrutiko paradisua, munduan pertsona egiten duen sena elikatzeko.

Afera poetikoa dirudi, baina zer dago poesia baino haragizkoagorik? Zer, pertsonak egiten gaituzten paisaiak baino errealagorik? Zer gara elkarren isla besterik? Nork zehaztuko du megawatt balantzean, munduan pertsona izateko sena eta leku bat izatea zenbat megawatti dagokion?

Sen horrek, hain zuzen, garamatza gure tokia defenditzera. Solastalgiak gordetzen duen indarra daukagu, nostalgiaren besarkadan ez itotzeko.