Sofa taldea: Puto amoak matematiketan

  • Urtarrilaren 9an, Gasteizko Parral Tabernan emandako kontzertuaren kronika.


2018ko urtarrilaren 15an - 13:08
Argazkia: Sara Rodriguez.

Demagun kontzertura joan aurretik ez genekiela ezer taldeari buruz, inork ez zigula hitz egin beraiei buruz.

Parral taberna, 20:30ak, asteartea. Gasteizko zita fijo bat. Taldea, Sofa.

Hasi orduko beraien musikaren berezia antzeman zitekeen: baxu-bateria-gitarra hirukotea, abeslaririk ez; gitarrajoleak ezohiko harmonia eta jotzeko modua; baxujolea giderrean gora eta behera, harmoniaren oinarria baino askoz gehiago egiten; eta bateria hankarekin ezin jarraituzko erritmoak bata bestearen atzetiko joz. Lehen kanturako Post Hard Core taldeen usaina hartu genion: Bcore zigilu kataluniarreko taldeena, zehazki. Za! Ere aipatu zuen baten batek. Denok ados, taldearen kalitatearekin: aspaldi halakorik gozatu gabeak. Bartzelonatik zetozela zirudien, hemen halakorik gutxi ikusi baitugu. Ai, gu, kosmopaletook: hitz egiten hasi zirenean –mikrorik gabe, ohiuka– Urola kostako hizkera nabarmena zuten. Zarautz eta Zumaiatik zetozen!

Aipatutako hori guztia entzuna genuen, ordea, aldez aurretik. Bagenituen erreferentziak, eta gogoa ere bai zuzenean entzuteko. Ordurako eurek sarean eskegitako kantuak entzunak genituen, eta gozatuak. Baina momentuan entzundako hura egiteko gai izango zirenik ezin imagina. Posible ote da? Bada, bai. Eta nola! Teknikoki ikaragarriak dira Sofatarrak. Ezin hobeto menderatzen du nork bere instrumentua: hiru bakarrik izanda ere, bete-beteak dira euren kantuak. Baina ez da hor geratzen euren artea: hitzik erabili gabe bertan bildu ginenokin ezin hobeto komunikatu ziren: proposatzen zizkiguten ez ohiko erritmoetan dantzarazi ziguten, gitarra eta baxu joku sinkronizatuekin irribarreak atera; gozarazi, eta asko. Tartekako tropikal kutsuak, Hard Corerik zarauztarrenaren usainak zeharka, eta gozatzeko jarrera, itxurakeria izpirik gabe.

Katedrak dio Math Rocka egiten dutela, rock matematikoa. Ezjakina ni, wikipedian begiratu behar izan dut zer den: Math Rocka 80ko hamarkada amaieran AEBetan eta Japonian jaiotako estilo bat da. Eragin nagusia Rock Progresiboa du, eta honen baitako azpigenerotzat hartu izan da. Ezaugarri nabarmenena erritmoen konplexutasuna eta egituren arraroa dira. Muturreko espazio eta tenpoak erailtzen dira, eta kantu berean melodia harmoniatsu bat eta riff distortsionatu bat entzun daitezke.

Ez zait definizio hoberik bururatzen.

Bazenekien, baina, hau guztia, musikazale; Euskal Herrian azken boladan gehienon ahotan egon den taldea baita Sofa. Eta ondo merezita, gainera. Idatzi dudan honek guztiak, beraz, ez du ezer askorako balioko, ez bada euskarazko Wikipedian Math Rockaren definizioa jartzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude