Mediapro ekoiztetxeak Six dreams futbolari buruzko dokumental sorta prestatu du. Sei protagonistetako bi euskal taldeetan ari dira: Eibarko presidente Amaia Gorostiza eta Athleticeko jokalari Iñaki Williams. Datorren asteazkenean estreinatuko dute dokumentala Amazon Videon.
Espainiako lehen mailako futbol ligari buruzkoa da Justin Websterrek zuzendu duen dokumental sorta. Sei lagunen bizipenak jaso dituzte: Gorostiza eta Williamsenak, Atléticon eta Betisen jokatzen duten Saúl Ñiguez eta Andrés Guardadorenak, Gironako kirol zuzendari Quique Cárcelena, eta Sevillako entrenatzaile ohi Eduardo Berizzorena.
Gorostizaren inguruko atala Eriz Zapirain errealizadoreak (Gaur irekiko ditu ateak, Gazta zati bat) prestatu du, 2009an Websterrekin batera El árbitro dokumentala egin zuenak. 55 grabaketa egin ditu Zapirainek: "Zuk bilera guztietara sartu nahi duzu, baina batzuetan ez dizute uzten, zabaldu ezin diren gauzak jorratu behar dituztelako; horrela ibili behar izan dugu, baina dezente sartzen utzi digute", kontatu dio Berriako kazetari Edu Lartzangureni. "Ez dakit Appleko edo Googleko administrazio kontseiluak nolakoak izango diren, baina Eibarren bildutakoak zu eta ni bezalakoak dira. Gustatu zait hori ikustea".
Williamsen inguruko dokumentala Berde Produkzioetako (Jai Alai Blues, Amerikanuak) Gorka Bilbaok zuzendu du.