"Sistema osoari egindako pintaketak" aldarrikatu ditu emakume talde batek Tolosan

  • Joan den ostiral goizaldean Tolosako zenbait dendatan egindako pintaketen egileek ekintzaren zergatiak azaldu dituzte idatzi batean; gaiak zeresan handia piztu du.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria
2017ko urtarrilaren 03a

Hizketa-gai ia bakarrak agurtu zuen 2016. urtea Tolosan, joan den abenduaren 30ean zenbait komertziotan azaldu ziren pintaketen harira. Margo morez, «kontsumismo matxista» salatu zuten, besteak beste, eta iritzi eta erreakzio sokaren ondoren iritsi da egileen adierazpena, Tolosaldeko Ataria-ra: «Uste dugu ostegun gaueko pintaketen ekintza ez zela ondo ulertu, eta gure helburua argi utzi nahi dugu».

Colors, Saberri, La Ratita Presumida, Inside eta Leize komertzioen erakusleiho eta hormak izan ziren Kontsumismo matxistarik ez! eta Ez gara panpinak! leloen mihise, eta egileek estereotipo matxistak salatzeko bidetzat deskribatu dute pintaketen ekintza: «Mendebaldeko Eguberrien ospakizunak dakarren kontsumismo frenetikoa aitzaki hartuta, urte osoan barrena indarrean egoten diren estereotipo matxisten gorazarrea salatu nahi izan dugu (...). Gure ustez, komertzioen erakusleihoak dira estereotipazio irreal hori argien islatzen dutenak, eta horregatik egin dugu ekintza berauetan», diote.

Herria esnatzerako, pintaketen berria eta haien argazkiak ia eskualde osora zabaldu ziren, eta iritzi, erreakzio, kritika nahiz laudorioen soka luzea ekarri zuen horrek. Batzuek, komertzio txikien defentsan gaitzetsi zuten pintaketen ekintza, baina emakume taldeak azaldu du beren borroka ez dela komertzioen aurkakoa: «Argi dugu eredu ideal horiek inposatzea multinazionalen nahia dela, eta komertzio txikiek eskumen urria dutela hori eraldatzeko. (...). Estereotipazio anker hori salatzeko, berau irudikatzen duten erakusleiho zenbait erabili ditugu, baina ulertzen dugu kanon horiek ez dituztela merkatari horiek ezartzen; erreproduzitu egiten dituztela, baizik (...) Gure borroka ez da komertzioen aurkakoa, baizik eta erakusleihoek islatutako sistema oso baten aurkakoa».

Bide beretik, aldarrikapen moduaren inguruan egunotan jasotako kritikei ere erantzun nahi izan diete pintaketen egileek, «aukeraketa egokia» iruditzen zaiela nabarmenduz. Beren arabera, gaur egungoa «bake faltsua» da, eta hori «desnormalizatu» eta «ezinegon kolektibo bat zuzenki» azaldu nahi izan dute ekintzaren bitartez.

Horrela, abenduaren 30ekoa ekintza feministatzat deskribatu dute, baina pintaketek jasotako hainbat kritikak salatu dute, aldarrikapen bide horrek feminismoa kaltetzen duela. Egileei, ordea, «ulergaitza» zaie kritika hori: «Zergatik ez dio feminismoari mesede egiten? Ekintza feminista gaur egungo bake parametroetara mugatu behar baldin badugu, hori ez da gure borroka. Gure ustez, horrelako ekintza zuzenak tresna gisa gaitzesteak egiten dio kalte feminismoari (...). Horrekin ez dugu esan nahi borroka molde hori lehenesten dugunik, baina zilegia iruditzen zaigu, testuinguru egokietan».

Izan ere, «bide pedagogikoetatik lortu ez dena» plazaratu nahi izan dute erakusleihoetako pintaketekin: «Ezaba daitezkeen pintaketen 'indarkeria' gaitzetsi beharrean, gure nahia da, ezabatu nahi dugun benetako indarkeria heteropatriarkala salatzea», nabarmendu dute.

Azkenik, ATARIAra helarazitako testuan, pintaketen egiletza aitortzearekin batera, emakume taldeak adierazpena baliatu du «norbere burua askatasunean eraikitzera» dei egiteko: «Inposatutako arauek ez dute aniztasunerako tokirik uzten, eta horren aurkako jarrera hautu politikotzat dugu (...). 'Errespetua' edo 'adierazpen askatasuna' bezalaako kontzeptuen izenean zapaltzen gaituen sistema baten aurrean, ez gaude geldirik egoteko prest (...). Deseraiki ditzagun, behingoz, 'emakumetasun' eta 'gizontasun' eredu inposatuak».

Salaketa "irmoa" eta bateratua

Pintaketak agertu eta egun berean, beren iritzi eta gaitzespena plazaratu nahi izan zuten, elkarrekin idatzitako ohar batean, Tolosako Udalak eta Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak.

Lehenik, feministen aldarrikapen moldea «desegokitzat» jo zuten, zehaztuz, adierazpen askatasunak ez duela arrazoitzen «herriko zenbait dendari egindako jazarpena» .

Era berean, erakusleihoetako pintaketek zerbitzuen sektoreari «kalte zuzena» egin diotela ere salatu zuten, udalak eta elkarteak: «Merkataritza Tolosako garapen ekonomikoaren motorretako bat da, eta pintaketa horiek kalte zuzena eragiten diete saltzaileei, denbora eta esfortzu handia baliatzen baitute saltokia hornitu, kanpaina prestatu eta erakusleihoak atontzen».

Horrenbestez, ohar bateratuan dei egin zuen, joan den abenduaren 30eko aldarrikapen ekintzak azaleratutako gaia «beste bide batzuetatik heltzeko». Besteak beste, «herriko merkatariei kalte materialik sortu gabe» aritzea zehaztu zuten bi erakundeek.7

Kalean nahiz sarean, eztabaida bizi-bizirik

Goizean denda atarietan piztutako eztabaida lantoki, taberna, Whatsapp talde nahiz sukaldeetaraino iritsi zen, Tolosan, eta internetek ere jaso zuten iritzi-talka horren oihartzuna.

www.ataria.eus-en, kasu, 2016. urteko albiste irakurrienen zerrendan sartu zen pintaketena: 5.000 bisitatik gora jaso ditu aferaren kontakizunak.

Jarraipen masibo horren haritik, gainera, Tolosaldeko atariaren irakurle askok beren ekarpena utzi zuten Facebooken, iruzkinez iruzkin auziaren inguruko eztabaida elikatuz.

Hitz desberdinak erabiliagatik, iritzi bertsu zenbait nagusitu ziren irakurleen artean, eta irudipen horien guztien isla irakurgai da jarraian. Halaber, gaiak emandako iruzkin guztiak www.facebook.com/tolosaldekoataria orrialdean daude irakurgai.

«Berdintasunaren aldeko borrokak eguneroko ekintzetan eta jardunean behar du tinko, eta ez egun konkretu batean pareta batzuk margotzen»

«Nola askatuko dugu gure burua langile klase bezala eta emakumeak genero bezala, gure jardun praktiko-politikoa eredu legalista batean soilik kokatzen badugu?»

«Aldarrikapenaren muinarekin bat eginda ere, zein izan dira ondorioak? Gehiengo handi bat kontra jartzea eta mezua desitxuratzea»

«Emakumeok jasaten dugun egoeraren inguruan eztabaidatu beharrean, ekimenaren inguruan eztabaidatzea lortu dute. Zein ekarpen egiten dio honek feminismoari?»

«Emakume zein gizon, gizarteko pertsona oro errespetatzeko eskatzen ari garen aldetik, ezinbestekoa da guk ere gainontzekoak errespetatzea»

«Sistema heteropatriarkalak emakumeak erailtzen ditu, bortxatu, objektibizatu, ixildu eta zapaldu. Errealitate horren aurrean erantzunak nolakoa izan behar du ba?»

«Erronka berriei aurre egiten dieten emakumeak zapaltzea ez dago feminismoaren oinarrietan. Sor ditzagun eztabaidak, baina egin dezagun guztion artean, jazarpenik gabe»

«Kristal batzuk aldarri zilegiekin marraztea salatu beharrean, salatu dezagun benetako indarkeria heteropatriarkala; bollera, trans eta emakumeok bizitzako esparru guztietan zapaltzen gaituena».

Albiste hau Tolosaldeako Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

Kanal hauetan artxibatua: Feminismoa  |  Kontsumismoa  |  Tolosa

Feminismoa kanaletik interesatuko zaizu...
2018-01-21 | Z. Oleaga
"Lehenago egingo die uko bere pribilegioei klase burgesak, gizonok baino"

Bakoitzak nondik hitz egiten duen adieraztea garrantzitsutzat du Jokin Azpiazu Carballok. Bera, akademian, kalean, tabernetan bizitutako hausnarketa eta ekintzetatik ari da. Feminismoekin, LGTB+/queer mugimenduekin eta gizon taldeekin garatutako harreman eta militantzietatik. Maskulinitateari pribilegioetatik eta boteretik heltzea proposatzen du Masculinidades y Feminismo liburuan [hemen PDFan irakurgai].


Nola egin politika feminista udal batean?

Isabel Vallet eta Georgina Monge CUPeko kideak dira eta errepublika feminista eraikitzeko diskurtsotik praktika politikora jauzi egiten denean ikuspegi feminista nola lantzen den aztertu dugu beraiekin. CUP 32 udaletan ari da gobernatzen, eta azpimarratu digute lan asko egin bada ere, ikaragarri dagoela egiteko.


Kataluniako balizko prozesu konstituziogilea eta errepublika feminista

Sardiniako filosofoak aspaldi irakatsi zigunez “Egia beti da iraultzailea” eta, horrenbestez, Kataluniako prozesuari eta handik erator litekeen errepublika feministari buruzko gogoeta hau konstatazio bat eginez hasi nahiko nuke: Katalunia ez da errepublika bat, are gutxiago errepublika feminista bat.


2018-01-18 | ARGIA
Emakumeen segurtasuna handitzeko, gauean geltokien artean jaisteko aukera emango du Bilbobusek

Urtarrilaren 25ean Bilbobusek onartuko duen araudi berrian txertatuko dute neurria. EH Bilduk proposatu eta udal gobernuak onartu du.


Badira izen mistoak Euskaltzaindiaren zerrendetan

Euskaltzaindiak 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu zuen izenetan baina IKAren Deklinabidea aplikazioa garatzen ari nintzela salbuespenak badirela konturatu nintzen. Badaude Euskaltzaindiaren gizonezkoen eta emakumezkoen ponte-izenen zerrendetan, bietan, agertzen diren izen mistoak.


2018-01-14 | Reyes Ilintxeta
"Oso gustura egingo nuke etxeetan 24 orduz lan egiten duten emakume langileen inguruko filma"

Kartzela, emakume zapaldu askoren bizitza, politika egiteko molde berriak… filmatu ezin diren munduak zinemara eraman nahi ditu dokumentalgile honek.


2018-01-12 | Ahotsa.info
Martxoak 8ko greba feministaren prestaketak hasi dira Iru˝ean

Iruñerriko mugimendu feminista martxoaren 8rako deituta dagoen greba feminista prestatzen hasi da. Parte-hartze handia izan du lehenengo batzar irekiak , eta datorren urtarrilaren 24an eginen den hurrengo asanbladara joateko gonbitea luzatu diote emakume orori. Arratsaldeko 18etan izanen da, Iruñeko Zabaldin.


2018-01-08 | Miren Osa Galdona
BBCko kazetari batek kargua utzi du lan beragatik gizonek baino gutxiago irabazten duelako

Carrie Gracie BBCren Txinako arduradunak lan postuari uko egin dio, lan berdina egiteagatik gizonezkoek soldata handiagoa jasotzen dutela argudiatuz. Bi errealitateen arteko aldea “nabarmena” dela berretsi du Graciek. 30 urte daramatza Erresuma Batuko kate publikoan lanean eta orain arte soldaten bereizketa gauza jakina zela onartu arren, gaur egun egoera onartzeko ez dagoela prest nabarmendu du.


2018-01-05 | ARGIA
Euskaltzaindiak bere hiztegiko zenbait definizio alda ditzake, genero-berdintasuna hobeto islatzeko

Abenduaren 22ko osoko bilkuran Euskaltzaindiaren Hiztegian egin beharreko zenbait zuzenketa aurkeztu ziren, tartean, genero-berdintasunarekin zerikusia dutenak.


2018-01-04 | Miren Osa Galdona
Martxoaren 8an emakume greba egiteko asanbladak antolatu dituzte

Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8an “planto” egitera deitu du.  Lau arlo nagusi izango ditu grebak: lan greba, zaintza greba, ikasle greba eta kontsumo greba. Egunaren nondik norakoak zehazteko asanbladak antolatu dituzte Donostian, Gasteizen eta Iruñean.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude