argia.eus
INPRIMATU
Siriari eta Libanori ere eraso egin die Israelek
  • Astearte gauean Israelgo armadako hegazkinek gutxienez lau siriar hil dituzte Israelek okupatutako Golango lurretan, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak zabaldu duenez. Bestetik, Libano eta Israel arteko mugan tentsioa areagotu egin da, igandean gerra-hegazkin israeldarrek Libanoko Tiro herrian zenbait bonba jaurti ostean.

Axier Lopez @axierL 2014ko uztailaren 16a
Golango lurretan diren Israelgo armadako zenbait kide goizeko otoitzean (Ariel Schalit/AP) Golango lurretan diren Israelgo armadako zenbait kide goizeko otoitzean (Ariel Schalit/AP)

Israelek okupatutako Golango Al-Quneitra eskualdean izan dira erasoak. Gutxienez lau hildako eta hamar zauritu eragin dituzte. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak zabaldutako informazioaren arabera, Al-Quneitrako gobernadorearen etxeari eta Siriako armadaren 90. brigadako baseari ere eraso egin diete. Siriako Gobernuak ez du adierazpenik egin eraso hauen inguruan. 1976an indarrez hartu ostean, 1981ean txertatu zituen Israelek haren sistema administratiboan Golango lurrak. Nazio Batuen Erakundeak militarki okupatutako zonalde gisa izendatzen du eremua.

Libanoko armadaren eta NBEk herrialdean dituen indar armatuen presentzia handiagotu egin da Israelekin duen mugan. Al-manar hedabideak zabaldu duenez, igandean israeldar hegazkinak Libanoko aire-eremuan sartu ziren eta zenbait suziri Tiro herrian jaurti zituzten, biktimarik eragin gabe. Larunbat gauean ezezagunek Libanoko Qalayleh herritik jaurtitako bi kohete Israelek okupatutako Naharya herrian erori ziren, biktimarik eragin gabe. Israelgo gobernuak Hamasi egotzi zion ekintza hau. Adierazpen horien ostean gertatu zen Israelgo armadaren bonbardaketa Libanoko lurretan.

Libanoko Kanpo Harremanetarako ministro Yibran Bassilek Estatu arabiar gehienen isiltasuna kritikatu zuen. “Udaberri arabiarraren lehen emaitza arabiarren isiltasuna handitzea izan dela ulertzen dugu", adierazi zion Bassilek prentsari. Israel isiltasun hau probesten ari dela palestinarren aurkako erasoak handitzeko salatu zuen, eta arabiarren protesta ahotsik ez dela entzuten gaineratu zuen.