argia.eus
INPRIMATU
Siriako ustezko eraso kimikoa: Zalantza eta interes ugari
  • Bart Damaskon oposizioak kontrolpean dituen periferiako auzoetan Siriako armadak egindako erasoak ehunaka hildako eta zauritu sortu zituen. Erabilitako armen eta biktima kopuruaren inguruan sekulako gatazka piztu da. Arma kimikoak erabili izana leporatu dio oposizioak Siriako gobernuari.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko abuztuaren 22a
oposizioa Libian eratu zen koalizio moduko bat osatzen saiatuko da OTANekin Assaden erregimena garaitzeko. Argazkia: RT.com

Patrick Henningsen kazetari eta analista geopolitikoaren esanetan argi dago Siriako gobernuari azken eraso kimikoek ez diotela onurarik egiten, aldiz oposizioari bai,  honek mendebaldeko potentzien interbentzio militar bat behartu lezakeelako.

Asteazkeneko erasoaz, Henningsenek dio Washingtonek eta Londresek Assaden gobernuari leporatu dioten arren, ez dagoela hori demostratzen duen froga finkorik, eta momentu hauetan erasoaren inguruko guztia “espekulazio hutsa dela”. Ideia bera adierazi du Reuters kazetaritza konpainiak, esanez hainbeste informe desberdinen artean ezin dela oraindik erasoaren arduraduna identifikatu.

 “Arma kimikoekin” egindako erasoaren inguruko txosten ugari argitaratu dira, eta biktima kopuruaren datuak oso desberdinak dira. Batzuk 100 biktima aipatzen dituzte eta beste batzuk 1200 biktima zenbatzera iristen dira. Erasoak Nazio Batuen Erakundeko (NBE) begiraleak Damaskora iritsi diren egun berean gertatu dira. Oraindik nahasmena nagusitzen da Damaskon eta horretarako etorri direla esan du Henningsenek NBEko begiraleak.

2012an ordea, Washington, Londres eta Parisek argi utzi zuten arma kimikoen erabilera demostratzen bazen Sirian, nahikoa izango zela interbentzio militar bati hasiera emateko.  Hori horrela izaki, Henningsenek argi uzten du Siriako gobernuari ez zaiola batere komeni eraso kimiko bat egitea, horrek interbentzio militarra ekarriko lukeelako. Beraz bere ustez hemen eraso kimikoen onuraduna oposizioa izango litzateke analistaren aburuz.  

Interbentzio militarra gertatu ezkero oposizioa Libian eratu zen koalizio moduko bat osatzen saiatuko da OTANekin Assaden erregimena garaitzeko.