argia.eus
INPRIMATU
Siriako kurduek autonomia deklaratu dute alde bakarreko erabakiz
  • Genevako bake elkarrizketen atarian Siriako kurduek autonomia deklaratu dute.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 22a
Autonomiaren aldarrikapena ospatu zuten atzo Qamishlin (argazkia: TahrirSy).

Autonomiaren ezaugarrien berri eman du Russia Today hedabideak: 22 ministerio izango ditu autonomia berriak, kanpo harremanetakoa, defentsa, justizia eta hezkuntza barne. Sail horietako bakoitzean ordezkari kurdu, arabiar eta asiriarrak izango dira.

Hiru hizkuntza ofizial onartu dituzte, kurduera, arabiera eta siriera.

Reuters agentzia iturri gisa aipatuz, lau hilabete barru hauteskundeak izango direla aurreratu du Russia Todayk.

Mendebaldeko Kurdistanen Asanblada Legegile Demokratikoaren bilkuraren ondoren etorri da autonomia deklarazioa. 52 alderdik osatzen dute asanblada hori, baita gizarte erakundeek eta norbanakoek ere.

Genevako solasaldiekin kritiko

Autonomia deklaratuz urrats bat aurrera eman dute Siriako kurduek: Genevako elkarrizketetan ahots propioa edukitzea ukatu zitzaien, Siriako gobernutik eta Assaden kontrako indarretatik bereizita.

Uko horren ardura Saudi Arabiarena eta Turkiarena dela adierazi zuen Siriako Kurdistango alderdi nagusiak, Batasun Demokratikoaren Alderdiak (PYD) eta AEBak ere kritikatu zituen, solasaldietan parte hartzeko ateak itxi izanagatik.

PYDez gain, Kurdistango Langileen Alderdia (PKK) ere zorrotz mintzatu da Genevako elkarrizketez. 1923ko Lausanako hitzarmenarekin konparatu du Suitzan asteazkenean hasi den bilkura. Hitzarmen hori da Iran, Turkia, Irak eta Siriako gaur egungo mugak zedarritu zituena eta beraz, kurduak lau estatutan zatitu zituena.