argia.eus
INPRIMATU
Siriako gerrak dagoenekoz 470.000 hil ditu eta 1,9 milioi zauritu
  • Sirian bost urteotan hil edo zauritutako herritarrak askoz gehiago izan daitezke orain arte kontatutakoak baino, zehazki Nazio Batuen Erakundeak esandakoen bikoitza.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko otsailaren 11
Alepoko karrikan -urtarrilaren 16an- aita bat desesperatua hegazkinetatik jaurti bonbek umea hil diotelako. (Argazkia: Daily Sabah)

SCPR Syrian Centre for Policy Research erakundearen arabera, hiru urteotan siriarren %11,5 hil edo zauritu du gerrak. Zehazki, 470.000 (NBEak 250.000 aipatzen zituen) hil eta 1,9 milioi zauritu.

SCPRek landu eta The Guardianek laburbildu duen txostenaren arabera, Siriako herritarren bizi itxaropenaren jaitsiera brutala da: 2019an 70 urte, 2016an 55,4 urte. Kalte ekonomikoak ere haluzinatzekoak: 255.000 milioi dolar. Populazioaren %45 etxetik ihes eginda dabil, 6,5 milioi Sirian bertan, 4 milioi inguruko herrialdeetara joanik. Denetara urteotan herrialdeak populazioaren %21 galdu du.

Hildakoetatik 400.000 zuzenean armen suak hil ditu, gehienak aireko bonbardatze eta artilleriak, eta gainerako 70.000ak goseak eta gaixotasunek, sarritan bai matxinoen baina batez ere Damaskoko gobernuaren armadak ezarritako itxialdiaren ondorioz eta osasun zerbitzuak suntsituta egoteagatik.

SCPRren txostena –dio Guardianek- neutraltasuna zainduz egina dago, ez du kalifikatiborik erabiltzen guduan ari diren talde armatuentzako –salbu eta Estatu Islamiarrentzako- eta Damaskoko gobernua ere ez du bereziki salatzen. Duela gutxi arte SCPRk egoitza Damaskon bertan eduki du. Gainerakoan, nola ulertu NBEren kontaketaren eta SCPRk egindakoaren arteko aldea? NBEk 2014ean utzi ziolako biktimen kontaketa egiteari, lekuetara iristeko dauzkan arazoengatik.

Rabie Nasser buru duen erakundeak nabarmendu du mundua oso berandu ari dela ohartzen tragediaren handiaz: “Nahiz eta siriarrek bost urte daramaten sufritzen, beren giza eskubide eta duintasunarekiko interesa ez da handia izan harik eta ondorioak zuzenean iritsi zaizkien arte herrialde garatuetako gizarteei”.