argia.eus
INPRIMATU
Siriako armada hiritik irten den arren, beduinoek eta drusoek borrokan jarraitzen dute As-Suwaydan
  • Siriako armada Israelekin eta milizia drusoekin su-eten akordio batera iritsi bada ere, bi komunitateen arteko istiluek ez dute etenik Damasko hegoaldeko probintziako hiriburuan. Soldadu siriarrak As-Suwaydatik irten ondoren, Tel Avivek beduinoak bizi diren hainbat eremu bonbardatu ditu, eta bi komunitateen arteko istiluak berriz piztu dira.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 21
Milizia beduino bateko borrokalariak, As-Suwayda hiritik gertu. Karam al-Masri / Reuters

Joan den astean hasi ziren bi komunitateen arteko istiluak, Damasko eta As-Suwayda –hiriburuaren hegoaldean dagoen probintzia bateko hiriburua– arteko errepidean beduinoek merkatari druso bat bahitu zutenean. Geroztik, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera gutxienez 1.100 pertsona hil dira. Egoeraren larritasuna medio, Siriako armadak As-Suwaydan esku hartuko zuela iragarri zuen astelehenean, "gatazka amaitzeko, segurtasuna bermatzeko eta gertakarien erantzuleak epaitzeko".

Siriako bi komunitateen arteko istilu isolatuak izateaz harago, Israel presentzia handia izaten ari da gatazkan. Izan ere, komunitate drusoa babesteko justifikaziopean, Damasko bonbardatu zuen asteazkenean: hain zuzen, Defentsa Ministerioaren eraikina eta presidente Ahmed al-Xaraaren egoitzaren ingurua. Horrez gain, As-Suwayda hirira zihoazen Siriako armadaren hainbat ibilgailu ere jo-puntuan izan ditu Tel Avivek azken egunetan, eta Siriako armada hiri horretatik irten zenetik, beduinoak bizi diren hainbat eremuri ere eraso egin die.

Israelek Damaskori eraso egin zion egun berean, soldadu siriarrek As-Suwaydatik alde egingo zutela iragarri zuen al-Xaraak, milizia drusoekin su-eten akordio batera iritsi ostean. Tel Avivekin ere menia adostu zutela jakinarazi zuen ostiralean, eta iragarri armada bidali zuela hiriburu hegoaldeko probintziara, "su etena betetzen dela" bermatzeko. Armada iritsi zenean, ordea, istiluak berriz piztu zirela azaldu du Giza Eskubideen Siriako Behatokiak.

"Lasaitasun arriskutsua"

BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoak As-Suwayda inguruan dauden hainbat miliziano beduinoekin hitz egin du igandean, eta adierazi dute hiriburuak "lasaitasun arrikutsua" bizi duela azken egunetatik. "Siriako Gobernuak agindutakoa egin dugu, eta su-eten akordioak dioena betetzeko konpromisoa hartu dugu", esan dute beduinoek. Milizia drusoek menia urratuz gero, hiriari eraso egiteko prest daude, ordea, As-Suwayda "euren hilobia" bihurtzen bada ere. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, gutxienez 60.000 siriarrek alde egin behar izan dute euren bizilekuetatik joan den astetik.

Boterera abenduan iritsi zenetik, al-Xaraaren –HTS Sortaldea Askatzeko Erakundearen buru ohia– Siriako Gobernuarentzako buruhaustea izan da As-Suwayda eskualdea, horren agintean milizia drusoak baitaude gaur egun. Apirilaren amaieran, Siriako Gobernuaren gertuko milizien eta talde armatu drusoen arteko liskarrek gutxienez 100 hildako eragin zituzten bizpahiru egunetan. Orduan ere, Damasko eta buruzagi drusoak akordio batera iritsi ziren, eta azken horiei eskualdearen kontrola eman zieten.