Nazioarteko aire-trafikoa kontrolatzen duen Eurocontrol erakundeak hegazkin konpainiei gomendatu die Siria saihestu dezatela, datozen 72 orduetan estatu horren kontrako aire-erasoak egin ditzaketelako.
Eurocontrolen arabera, misilak erabil ditzakete Siriaren kontra eta, gainera, hegazkinen nabigaziorako irrati-ekipoen seinalea eten daiteke.
Iragarpenak baieztatzen du azken egunetan Donald Trump AEBetako presidenteak eta haren aliatuek mahai gainean jarri duten hipotesia: Siriako presidente Baxar al-Assad jo dute errudun larunbatean gas pozoitsuz egindako eraso batengatik eta, geroztik, Siriaren kontrako aire-erasoen aukera mahai gainean dago.
Trumpek bertan behera utzi zuen astearte honetan Hego Amerikara egitekoa zuen bidaia. Astelehenean jada iragarria zuen “erantzun azkar eta indartsu” bat.