Ukabilkadak, bultzadak, blokeoa, izotz jaurtiketak eta abar jasan behar izan dituzte Bajadika aldarrikatzailea egin duten pertsonek.
Lizarrako (Nafarroa) alkate Marta Ruiz de Aldak (UPN) "Sinpatiaren Festak" aldarrikatzen dituen bitartean, udalaren autoritarismoaren kontrako aldarriek eskuin muturraren erantzun bortitza jasan behar izan dute kalean. Aurten ere, jaietako ohiko prozesioa (Bajadika deiturikoa) ez egitea erabaki du UPN buru duen udalak, baina Bajadika alternatibo bat egin zuten hainbat lagunek herriko kaleetan barrena, zenbait aldarri zabalduz: Lizarrako txosnen aldeko Txoskin panpina izan zen protagonista jaitsiera aldarrikatzailean, eta UPNk debekatutako txosnen aldeko oihuak entzun ziren.
Bajadika alternatiboan parte hartu zuten pertsonek, ordea, erasoak jasan zituzten ibilbidean zehar. Musikarietako bat zauritu zuen gizonezko batek, ukabilkada bat emanez, eta bestelako eraso biolentoak ere izan ziren: bultzadak, bidea blokeatzea, izotza eta edaria botatzea, intimidazioa... Dena den, bidean aurrera egin zuen txosnen aldeko eta autoritarismoaren aurkako Bajadikak, aldarriak karriketan zabalduz.
Debekuari aurre egin diote Lizarrako txosnek
Bigarren urtez jarraian, ohiko lekuan, autobus-geltoki aurrean, txosnak jartzea debekatu du udal-gobernuak. Baina, debeku horri aurre eginez, toki horretan txosnagunea muntatu zuen Festagirok aurreko ostegunean. "Lehenago edo beranduago, espazio hau berreskuratuko dugu", adierazi zuten txosnen irekiera-ekitaldian.