argia.eus
INPRIMATU
Alderdi-bitasunaren amaiera ekar dezake Irlandara Sinn Feinek
  • Irlandako Parlamentua eta Errepublikako Gobernua osatuko dira ostiraleko hauteskundeen bidez. Inkesten arabera, alderdi-bitasun kontserbadore tradizionalaren amaiera gerta daiteke.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 26a
Gerry Adams-en aurkako kanpaina mediatikoa jarri dute abian.

Hiru asteko hauteskunde kanpainaren ondoren, iritsi da Irlandako hauteskundeen eguna: irlandarrek Irlandako Parlamentua eta Dublineko Gobernua osatzeko bozka emateko eguna dute gaur –otsailaren 26a, ostirala–.

Irlandako Errepublikaren sorreratik –azken 80 urteetan– Fianna Fail (FF) eta Fine Gael (FG) alderdi kontserbadoreak txandakatu dira Dublineko Gobernuan. Inkestek diotena egia bihurtuz gero, alderdi-bitasun horren amaiera gerta daiteke herrialdean, Soledad Galiana kazetariak Gara egunkarian jaso duenez. Datuen arabera, Sinn Feinen aldeko boto intentzioa %30 inguru igo da hauteskunde kanpainan; horrek esan nahi du Fianna Failek baino bozka gehiago aterako lituzkeela Gerry Adamsen alderdiak, eta Irlandako bigarren alderdirik bozkatuena bihurtuko litzatekeela –2011n baino sei puntu gehiago aterako lituzke–.

Gerry Adamsen aurkako kanpaina mediatikoa

Inkesten datuak ikusita, alderdi kontserbadoreek eta laboristek Gerry Adamsen aurkako kanpaina mediatikoa jarri dute abian. Telebistan izandako eztabaidetan, lau alderdi tradizionalak alderdi errepublikanoaren aurka lerrokatu dira. Argumentuek ez dute hauteskunde programarekin zerikusirik izan, ordea: Gerry Adamsek AEBetan egin zuen operazioa, iruzurgile batekin duen laguntasuna, edota ustez IRAko lider izatea izan dira horietako batzuk.

Inkestak egia bihurtzen badira, beraz, Sinn Feinek gobernua osatzeko aukera izango du. Gutxieneko alderdi ezkertiarrek zurrumurrua zabaldu dute Sinn Feinnek koalizioa osa dezakeela Fianna Fail kontserbadorearekin. Adamsek azaldu du bere alderdiak “Right2Change” (Aldaketarako eskubidea”) mugimendu politikoarekin bat datozen alderdi eta politikari independenteekin osatuko duela gobernua. Mugimendu hori “zerbitzu publikoen, zintzotasun eta duintasun eskubidearen” aldeko manifestua da, eta sindikatuek, bizilagun elkarteek, eta alderdi politikoek hartu dute parte manifestuan.

Aldaketarako aukera irekia dago, beraz. Hauteskundeen emaitzak jakin arte itxaron beharko da aldaketa errealitatea bihurtu, eta kontserbadoreek azken urtetan izandako hegemoniaren amaiera ailegatzen ote den Irlandara.