Bizkaiko Aldundiko Ogasunak “erresistentzia kutxaren” laguntza jaso duten grebalarien inguruko informazio pertsonala eskatu die sindikatuei, jakiteko ea beharrezko erretentzioak egin dizkieten jasotako zenbatekoei. Hala, foru erakundeak azkenaldian greba erabakigarriak irabazteko funtsezkoa izan den tresnaren bihotzera jo du ustezko irregulartasun bila.
Eldiarionorte.es egunkariak azaleratu duenez, Ogasuneko inspekzioak urtarrilaren 26an sinaturiko gutuna igorri die sindikatuei, “aurrekaririk gabeko erabaki” batean. 2014, 2015, 2016 eta 2017 ekitaldietan erresistentzia kutxatik egindako ordainketetan PFEZrentzako erretentziorik egin ote duten jakin nahi du, eta horretarako tresna horren laguntza jaso duten langileen identitatea eskatu die sindikatuei.
Ogasunak gutunean dioenez, langileek “zuzenean edo zeharka” jasotako ordainsari oro lan errendimendu bat da eta erretentzioa izan beharko luke. Inspektorearen ustez erresistentzia kutxak langileari “bermatzen” dio errenta osagarri bat, “lan harremana etenda” egotearen ondorioz jasotzeari utzi dion soldatarentzat.
ELA izan da azken urteetan erresistentzia kutxaren bidez zenbait sektoretan greba luzeak sustatu dituen sindikatua, eta langile borrokarako tresna horren garrantzia aldarrikatu duena. Afiliatuen kuotari esker hornitzen den kaxan 2012 eta 2016 artean 19,1 milioi euro izan zituzten eskuragai, elkartasun mekanismoak martxan jartzeko eta grebalariak laguntzeko.
Hain zuzen, azkenaldian izandako greba sonatuenetako batek, Bizkaiko zahar egoitzetako emakume langileek egindakoak, ELA sindikatua eta Bizkaiko Aldundia aurrez aurre jarri zituen hilabete luzez. 370 eguneko gatazkan inplikatutako emakumeek erakutsitako batasun eta indarraz gain, funtsezkoa izan zen beste langileen elkartasuna erresistentzia kutxaren bidez.
[Eguneraketa]:
Bizkaiko Ogasunaren eskaera publiko egin eta egun berean ELAk oharra kaleratu du esanez 38 urte daramatzala erresistentzia kutxa erabiltzen eta "euskal ogasunek ezarritako irizpideen arabera jokatu" izan duela.
Era berean, sindikatuak azaldu du jadanik bidali diola foru ogasunari eskatutako informazio guztia eta "horretan jarraituko" duela. ELAk Arabako Foru Ogasunean izandako prozedura baten berri ere eman du, baina alegazioak aurkeztu ondoren "espedientea amaitutzat" eman zela.
Azkenik, erresistentzia kutxa "ezinbesteko tresnatzat" duela dio eta ohartarazi du "eutsi" egingo diela langileek euren "lan baldintzen defentsan" hura erabiltzeko ezarritako irizpideei.