argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako hautaketa prozesuen egoera salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte sindikatuek
  • Hautaketa prozesuetako kudeaketa “geldirik edo kaosean murgilduta” dagoela diote elkarretaratzearen deitzaileek.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 09a
Gurutzeta ospitalea, Barakaldo. Zarateman

ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK eta USAE sindikatuek ohar bateratuan salatu dutenez, kontratazio zerrendetako akatsek kalte handiak eragiten ari dizkie langileei. Egoera horrek Lan Eskaintza Publikoko deialdiei ere eragiten diela azaldu dute: gainjarriak daude, oinarri-aldaketak pairatzen dituzte epai judizialen ondorioz, edo ebazpenetarako epeak ez dira betetzen. Lekualdatze eta mugikortasun prozedurek urteetako atzerapenak dituzte eta momentuz ez dizkiete konponbiderik bilatu.

Egoera ez dela berria nabarmendu dute sindikatuek, Osakidetzako giza-baliabideen arloak aspalditik dituelako zailtasun horiek. Enpresa pribatu batek kudeaketa sistema berria sortu du, baina horrek egoera larritu baino ez du egin, kexatu dira: “Zerbitzuen pribatizazio berri baten eta horren ondorio larrien aurrean gaude”.

Sindikatuek Osakidetzako langileak kalera ateratzera deitu dituzte presio eginez zuzendaritzak "urgentziazko neurriak" har ditzan lortzeko. Lan zentro guztietan elkarretaratzeak egingo dituzte ekainaren 9an, goizeko 11:00etan ospitaleetan eta 13:00etan Lehen Mailako Arretako zentroetan.