Azterketa ereduaren aldaketak euskaldunak "mespretxatzen" dituela, eta euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzen dituela salatu dute LAB, Aralar, EA eta EAJk.
Gogor kritikatu dituzte euskal sindikatu eta alderdiek atzo Rafael Bengoa Osasun sailburuak aurkeztu zituen aldaketak, Osakidetzako azterketaren inguruan. Halako neurriekin Jaurlaritzak euskara bigarren mailako hizkuntza gisa hartzen duela salatu dute, eta euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzen direla.
Euskara jakin gabe, Osakidetzan "benetako eta kalitatezko" zerbitzu bat ematea ezinezkoa dela salatu du LABek, eta Jaurlaritzak PPrekin duen akordioak aldaketan eragina daukala nabarmendu du, "Basagoitiren aginduei men eginez aurkeztu du Bengoak halako lan eskaintza publiko bat". Bestalde, orain dela hilabete batzuk lan eskaintza publikoak egiteko eredu bat proposatu ziola Jaurlaritzari adierazi du. "Frustrazioak eta aurreikuspen faltsuak saihestu eta aurkezten zirenek ahalegin bikoitza egin behar ez izatea nahi genuen (...), badirudi Bengoari presa sartu zaiola Osakidetzan gauzak ondo lotuta uzteko".
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkidearen arabera, "osakidetzan euskaldunak bigarren mailako herritar gara oraindik", eta Osakidetzaren euskalduntze prozesuan "atzerapausoa" da lan eskaintza berria.
Aralarko legebiltzarkide Dani Maeztuk salatu du gaur egun "ohikoa" dela Osakidetzan euskarazko zerbitzua ezin jasotzea. "Ez du onartzen herri honetan bi hizkuntza ofizial ditugula", gaineratu du, Bengoari erreferentzia eginez.
EAJko ordezkariak ere egin dituzte adierazpenak. Iñaki Gerenabarrena Araba Buru Batzarreko (ABB) presidenteak Bengoari egotzi dio euskara "elementu folkloriko bat" balitz bezala tratatzea. Josune Gorospe eta Garbiñe Mendizabal alderdi bereko legebiltzarkideek, berriz, adierazi zuten neurriaren helburua PPren nahiak asebetetzea dela. Bestalde, "iraingarritzat" jo dituzte atzo Bengoak esandakoak: "Iraingarria da Bengoak esatea Osakidetzako euskalduntzea oso azkar doala. Erabateko mespretxua erakusten ari zaie euskaldunei".