argia.eus
INPRIMATU
Sinadura bilketa Espainiako Estatuko parke nazionaletan ehizatzeko baimena luzatzearen aurka
  • Espainiako Parke Nazionalen Defentsarako Herritarren Ekimenak sinadura bilketa abiatu du PPren asmoak geldiarazteko helburuz. Adierazi dutenez, popularrek legedian ezarri nahi dituzten aldaketak parke nazionalen historiako ehun urteetan egindako erasorik handiena dira.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko azaroaren 06a
PPk 2020ra arte luzatu gura du parke nazionaletan ehizatzeko baimena (Arg.: Angel Sánchez / Crónica Norte).

Gaur egungo legediaren arabera, 2017tik aurrera hainbat jarduera debekatuko dira parke nazionalen barruko lur eremu pribatuetan: ehiza, arrantza, zuhaitz moztea, meatzaritza…

PPk legearen erreforma bat abiarazi du; azaroaren 4an emendakinak aurkeztu zituzten Madrilgo Senatuan, eta horietako baten arabera, zenbait erabilera pribaturako baimena 2020ra arte luzatuko da. Are polemikoagoa izan zitekeen gaia PPk hasierako asmoa gauzatu balu: eperik gabeko luzapena ezarri nahi zuten.

Eragile ugari biltzen dituen parke nazionalen aldeko ekimenak uste du ehiza egiteko baimena dagoela aferaren muinean. “Euren lagun enpresariek parke nazionaletan ehizatzen jarraitu ahal izatea dute helburu”, adierazi dute sinadura eskea egiten duen web orrian.

Ekimenaren bultzatzaileen esanetan, oposizioko talde politiko guztiek, elkarte ekologistek eta Estatu Kontseiluak berak errefusatu egin dute parke nazionalen kontrako erasoa. Alabaina, PPk gehiengoa dauka Espainiako Senatuan, eta lege aldaketak aurrera egingo du. Momentuz, Ingurumen Batzordeak oniritzia eman dio, eta datozen egunetan osoko bilkurak onartuko du.