argia.eus
INPRIMATU
Sinadura bilketa abiatu dute 1.200 eurotik gorako gutxieneko soldata eskatzeko
  • 1.200 eurotik gora ekimenak prekarietatea salatu eta soldata duinak aldarrikatzea du helburu. Prekarietatearen mapa osatu nahi dute jendearen bizipen eta iritzien bitartez.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 14a
Prekarietate egoeran dauden zortzi lagunek abiatutako ekimena da 1.200 eurotik gora.

Euren lan-bizitzan prekarietatea bizi duten zortzi lagunen esperientziatik abiatutako ekimena da. Azaltzen dutenez, ekonomia hazten ari da, baina horrek ez du arazoa konpontzen. Izan ere, euren aburuz, “desberdintasunak handitu, eta lan prekarioa hedatu” egin da, batez ere emakume eta gazteen artean. “Jendarte osoari” eragiten dion afera dela adierazi dute, eta “ezinbestekoa” dela eztabaida sozialari ateak zabaldu, arduradunak salatu, erraietara joan eta guztiontzako onuragarriak izango diren irtenbideak topatzea.

Horregatik abiatu dute 1.200 eurotik gorako gutxieneko soldata eskatzeko sinadura bilketa. Milaka sinadura biltzea da euren helburua, ondoren, eragile ezberdinei helarazteko. Herritarrei eskatu nahi diete justizia sozialaren alde lan egin dezaten, erakundeei soldata justuagoak bermatzea, eta enpresei soldatak 1.200 eurotik gorakoak izatea.

Norberaren bizipenen berri emateko tokia

Norberaren bizipenak kontatzeko aukera ere badago. Webgunean deskargagarri dagoen maskararekin argazkia atera ostean, hau igotzeko aukera dago, horrekin batera norberaren izena eta lan egoeraren berri emanez. Sare sozialetan ere igo dituzte soldata prekarioen adibideak.