Goiz honetan zendu da Simone Veil, emakume determinatua eta indartsua. Mentalitateak aurka zituela, abortatzeko eskubidearen aldeko legea pasarazi zuen Frantziako Legebiltzarrean 1975eko urtarrilaren 17ean. "Veil Legea" izenarekin ezaguna den eskubidea. Judu izateagatik Auschwitzeko kontzentrazio-esparrutik pasatakoa, Bigarren Mundu Gerran deportaturikoen memoriaren alde ere borrokatu zen bizitza osoan.
Simone Veil Frantziako politikari eta feminista ezaguna zendu da goiz honetan, 89 urte zituela. Abortatzeko eskubidea zor diote Frantziako eta Ipar Euskal Herriko emakumeek. Hain zuzen, oposizio bortitz bati aurre eginez, bera egon zelako Frantziako Legebiltzarrean abortuaren zigorgabetzea zekarren legea defendatzen. "Hitzezko bortizkeria hain zen gogorra non eta fisikoa bilakatzen zen", gogoratzen zuen. Garaian Osasun ministroa zen eta hark defenditu behar izan zuen legea (normalean Justizia ministroari zegokion ardura, baina hau ere aurka zen). 481 gizonez eta 9 emakumez osaturiko Legebiltzarrak alde bozkatu zuen 1975 urteko urtarrilaren 17ean.
Bere burua feminista zeukanez galdetzean, "ez naiz arima militantea daukan bat, baina feminista sentitzen naiz; emakumeekiko oso solidario naiz -edozein izanda ere-". Feminismoa automatikoki ezkerrarekin ez doalako froga, politikoki bere burua zentro-eskuinean kokatzen zuen eta eskuineko gobernuetan egon zen behin baino gehiagotan. « Politikak pasionatzen nau, baina politikoeroen politika bihurtzen denean ez nau gehiago interesatzen ». Inguruko konformismoan arrailak zabaltzea gogoko zuela zion. Hala ere, harridura eragin zuen 2013an gay eta lesbienen ezkontzaren aurkako manifestazio batean agertu izanak.
Auschwitzetik bizirik ateratakoa
Emakumeekilako elkartasun sentimentu hori agian Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan pasatako urteei lotua zela zion. Hau da, deportazio garaian, emakumeen artean burutu elkartasuna eta erresistentzia gizonek erakutsitakoa baino "eskuzabalagoa" zela zion. 78651 matrikula zenbakia tatuatu zioten naziek eta inoiz ez zuen azaletik kendu nahi izan. Zenbakia agerian azaltzen zen udako beroetan eta Frantziako akademia kideek eskuratu ohi duten ezpatan ere grabatu zuen, urruntxago errausketa labeetako sugarrak ere zituela zizelkaturik. 2008an izendatu zuten Frantziako Akademiako kide.
1943 urteko apirilak 13ko goizaldean atxilotu eta Auschwitzeko kontzentrazio-esparrura deportatua izan zen, bere ama eta ahizparekin batera. Beranduago berdina gertatuko zitzaien haren anaia eta aitari. Heriotzaraino bizia markatu zion bizi zatia: "iduritzen zait hilko naizen egunean holokaustoa ukanen dudala gogoan", zion 2009an. Holokaustoaren memoriaren alde dabilen fundazioaren buru egon zen 2011etik 2007ra.
Europako Parlamentuko lehen presidentea
1979 urtean buruturiko Europako Parlamenturako lehen hauteskundeetan izendatua izan zen lehendakari. Aniztasunaren eta bakearen Europaren helburua plazaratzen zuela izendatu zuten Parlamentuko lehendakari. 90. hamarkada bukaeran politikaren esparrutik urrundu eta Konstituzio Kontseilura sartu zen. 2007an utzi zuena.