Simón Santamaría eredua lurperatuko duen Iruñea amets

  • Iruñeko 19 kolektibok iruindarren bizikidetza hobetzeko ordenantza berria  –lerroon azpian irakurri liteke laburpen bat– proposatu diete Iruñeko udal hauteskundeetara aurkezten diren indar politikoei.


2015eko apirilaren 24an - 02:02
Ezkerretik eskuinera: Ana LIzoain (Aranzadi), Itziar Gómez (Geroa Bai), moderatzailea, Joseba Asiron (EH Bildu) eta Edurne Egino (I/E).

Asteazken arratsaldean lau alkategai bildu zituzten Katakrak-en eta atera berri duten Iruñeko Oinarrizko Eskubideen Dekalogoaz galdegin zieten.Mahaian ziren Ana Lizoain ‘Pitu’ (Aranzadi herritarren hautagaitza), Itziar Gómez (Geroa Bai), Joseba Asiron (EH Bildu) eta Edurne Egino (Izquierda/Ezkerra).

Lehenengo galdera: zer iritzi duzue dekalogoari buruz? Hitz eta molde desberdinez esanda baina laurek esan zuten ados zirela dekalogoarekin. Guztiz ados. Minimoetakoa zela, zer gutxiago. Lehenik, ordea, mahaiko lau indarren artean aldaketa lortu behar zela.

Baina hori laburpena da. Egia esan, Edurne Egino izan zen lehena hitz egiten eta argi utzi zuen ez zela protokolo zalea eta berau hautsiko zuela. Dekalogoaz baino lehen batasun kontuez jardun nahi zuen. Laban txikia atera eta, zeharka baina argi, Aranzadiko hautagaiari argi utzi zion penatuta zegoela batasunik lortu ez zutelako, eta hori haien errua izan zela.

Eta bai, nahiko argi dago hor indar galera dagoela eta biek batera gehiago lortuko zutela. Baina ez dute lortu eta Eginok azpimarratu nahi izan zuen “gauzak iraganean bezala eginez gero, aldaketa zaila izango zela”.

Asironek bai, zuzen heldu zion gaiari eta UPNren jarrera errepresiboa gogora ekarri zuen, adibidez Olentzero antolatzeagatik auzoetako antolatzaileei jarritako isunak, edo kaldereterik egin ez zedin udaltzaingoak bazkariaren espazioa dena urez bete zueneko hura, atxiloketak, Simon Santamaría udaltzain buru ohiaren desmasiak… “Honek guztiak gauza bakarra lortu du: Iruñea elkarte bizitza aberatsena duen euskal hiria bilakatzea”.

“UPNrentzat bere hiri eredua bakarrik existitzen da, eta hori bakarrik onartu eta saltzen da. Besterik ez dago”. Ez etxebizitza ereduan ez… zerrenda luzea aipatu du Gómezek: “Ez da existitzen oposizioak behin eta berriz aldarrikatu duen horretan guztian. Horrexegatik da garrantzitsua dekalogoa, beste Iruñea horri ikusgarritasuna ematen diolako. Ordenantza berri hau lortzeko, lehen lehenik jarrerak eta borondateak behar dira”.

“Nik hor behean egon beharko nuke –azpimarratu du Lizoainek–, 15 urte nituenetik bainabil herri elkarteetan, baina oraingoan mahaian egotea egokitu zait. Hamarkada latzak izan dira mugimendu sozialentzat. UPN guztia itotzen saiatu da. Dekalogoa minimoetakoa da eta honetan abiatuta eman behar dugu egurra, berriz ere halakorik gerta ez dadin”. Eta Aranzadiko lantaldeetan jorratutako proposamen zehatzen zerrenda irakurri du, horietako asko udalarenak baino Nafarroako Gobernuaren eskumen eremukoak.  

Iritzien elkar trukatzeak eta proposamen zehatzagoak entzun dira alkategaien ahotik, baina ez da debaterik, mahaian bederen ados daude.

Ikus-entzuleek akordioa nahi dute

Publikoaren txandan lehena galdera orokor bat izan da, enpleguaz eta etxebizitzaz. Hauteskundeetako ohiko borondatez erantzun dute laurek, programa aurrerakoi batek eskatzen duen edukiekin.

Hortik aurrerako galdera eta hausnarketak batasunerako deiak eta kezkak izan dira: “Mahian zaudetenen artean baduzue jada akordiorik alkatetza hartzeko?” “Orain denak ados... baina gero jakingo duzue dagokizuen mailan egoten?”.

Hitzak ez dira akaso guztiz zehatzak, ideiak bai. Asiron: “Itunik ez dago, baina hemen gaudenok badugu horretarako borondatea”. Gómez: “Bai, baina lehenik hauteskundeak irabazi behar dira eta hori ez dagokigu guri bakarrik, funtsean, herritarrek erabaki behar dute”. Egino: “Duela 15 urte Gazteluko Plazako borroka hartan 50.000 sinadura lortu ziren, UPNk 35.000 boto ditu. Ez dut uste gauzak ongi egin ditugunik 50.000 sinadura haiek boto bihurtzeko”. Eta oraingoan bai, Lizoainek erantzun egin dio: “Gu saiatu gara alderdiak ere integratzen, baina Aranzadi herritarren kandidatura bat da eta berau sostengatzen duten alderdiak [Podemos eta Equo] bigarren maila batetik sostengatu behar zuten berau. Batzuk ez dira horretarako prest egon”.

Eta beste pertsona batek animoak eman ditu, ordua dela eta lortuko dela, eta beste bat ezkor agertu da eta zatiketa gehiegi ikusten duela. Akordiorako deiak… Izan ere, aldaketarik bada, mahaian diren lauetako bat izango da Iruñeko hurrengo alkatea. Aldaketa, aldaketa, aldaketa… Beste hainbat ekitalditan bezala, dagoeneko obsesioraino.

 

Denok ordenantza: iruindarren bizikidetzarako dekalogoa (laburpena)

  1. Memoria. Sinbologia frankistarekin zerikusia duen oro kentzea.
  2. Eztabaida. Eztabaida sozialak bultzatzeko neurriak hartzea. Horretarako behar diren marko edo dinamikak sortuz.
  3. Espazio publikoak. Erabilera sozialerako eraikin publikoak behar dira. Hiriko eragileen lana erraztu eta ahalbideratuko dutenak; hitzaldiak, bilerak, lanak… egiteko tokiak. Eraikin pribatuekin prozedura hitzartu behar izanez gero hauek erabili ahal izateko.
  4. Eraso sexistarik ez. Eraso sexistak eta LGTBI kontrako erasoak ekiditeko plan integrala izatea. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna hiriko esparru guztietara hedatu. Elkarlan iraunkorra eragile feminista, LGTBI eta udalaren artean.
  5. Euskara ofiziala. Euskara Iruñeko hizkuntza ofiziala izatea eta bere ordenantza izatea.
  6.  Iruñea koloretsua. Pertsona guztiek berdintasunerako eskubidea izatea, jaioterria, kultura, identitatea, hizkuntza edo pentsamolde desberdinekoak izanda ere.
  7. Iruñea anitza. Lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta generoen arteko arretara bideratutako bulegoaren sorrera.
  8. Lana eta etxebizitza. Langabezian eta bazterketa sozialaren arriskupean direnentzat esparru publikotik enplegu soziala sustatzea, eta etxebizitza sozialen parke publikoa eta elikagaien bankua sortzea.
  9. Gazteria protagonista. Gazteriaren arazo eta kezkak aztertzeko elkarlanerako markoak sortzea.
  10. Udaltzaingoa. Udaltzaingo eredu berria, herritarren eta eragile sozialen zerbitzura izango dena. Polizia eredu ilun eta errepresiborik gabeko hiria behar da.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


Asiron: “Iruñeko eredua esportagarria dela erakutsi behar dugu”

Larunbatean 100 egun bete ziren Joseba Asiron aginte makilaz jabetu zenetik, abenduaren 28an, Iruñeko Udalaren historiako lehendabiziko zentsura mozioaren bitartez. Lasai hartu du Euskalerria Irratia udaletxeko Harrera Aretoan, egindako lanaz harro. “Hiru hilean... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude