argia.eus
INPRIMATU
Silvio Berlusconi hil da: Italiako ultraeskuinaren aurpegi polemikoa eta Mediaseten sortzailea
  • Italiako lehen ministro izandakoa 86 urterekin hil da, Milango ospitale batean. Denbora zeraman gaixo, leuzemiagatik. Enpresaburu eta politikari ultraeskuindarrak epaiketaz eta polemikaz jositako ibilbidea izan du, eta hedabide handien nahiz futbol taldeen kontrola ere izan du Italiako pertsonarik aberatsenak. ETB 2 katearekin elkarlana egin zuen sortu berritan.

Leire Artola Arin 2023ko ekainaren 12a
Hiru alditan izan zen Italiako lehen ministroa Silvio Berlusconi enpresaria. / Argazkia: Niccolò Caranti CC BY SA 4.0

Milango San Raffaele ospitalean hil da astelehenean 86 urteko Silvio Berlusconi. 2020az geroztik osasun arazoak izan ditu, eta hainbatetan ospitaleratu dute. Leuzemia kronikoa diagnostikatu zioten, eta horren ondorioz zegoen ospitaleratuta ostiraletik.

Italiako eskuinaren figura garrantzitsuenetako bat izan da Berlusconi, eta politikan urteak eman ditu, betiere polemikaz inguratuta. Aurpegi ezaguna ez ezik, goi karguduna ere izan da: Italiako lehen ministro izan zen 1994-1995, 2001-2006 eta 2008-2011 aldietan. Forza Italia alderdia sortu zuen 1993an eta bertako buru izan zen. Epaiketak tarteko, kargua betetzeko gaitasunik gabe zegoen Berlusconi, baina 2018an hauteskundeetara aurkezteko asmoa azaldu zuen. 2022ko hauteskundeetan senatari aukeratu zuten.

Italiako pertsonarik aberatsena zen, Forbes aldizkariaren arabera 7.800 milioi euroko ondasuna zuen. Futboleko enpresari ere izan zen: Milan eta Monza taldeen jabea izan zen. Panem et circenses esaerari jarraiki, jakin zuen zertan inbertitu dirua: Euskal Herrian gehien kontsumitzen den Mediaset telebista taldearen fundatzailea izan zen. Komunikabideetan botere handia zuen, besteak beste, Milango telebista sortu zuen 1970eko hamarkadan, eta 1990ean Mondadori taldearen presidente izendatu zuten, hainbat aldizkari eta egunkariren enpresa editorearena. Berlusconik lan politikoa eta mediatikoa elkar elikatu zituen, El Saltok artikulu honetan xehe deskribatzen duenez.

Euskal Telebistan ere sartu zuen eskua. ETB 2 katea sortu eta urtebetera, EiTBk eta Berlusconiren Fininvest enpresak elkarlanerako akordioa sinatu zuten, Axier Lopezek 2014an ARGIAn gogorarazi zuenez. EiTBren publizitate guztiaren kudeaketa enpresari italiarrari eman zioten, baita EiTBren saio eta filmen bilduma osoari sarbidea eskaini ere. Bideoan ikusten denez, prentsaurrekoan Berlusconik esan zuen espero zuela EiTBrekin elkarlanean Europako telebistaren arloan euren presentzia hobetzea, "eta Espainia horren zati garrantzitsua da", zehaztu zuen. Elkarlana aurkeztu zutenean, Josu Ortuondo orduko EiTBko zuzendariak nabarmendu zuen Berlusconirentzat "oso garrantzitsua" zela "Espainiako telebistaren merkatuan sartzea".

Justiziak ere ez zuen isildu

Gaixorik zegoela ere boteretsu itxura ematen segi zuen jendaurrean, eta eskuina eta eskuin muturra batzeko pertsona inportantea izan zen. Italiako justiziak zigortu egin zuen eta hainbat epaiketa zabalik zituen, baina inork ez zuen lortu gizon hau geldiaraztea. 2013an zerga iruzurragatik lau urteko kartzela zigorra jarri zioten, baina soilik urtebete pasa zuen, zahar etxe bateko gizarte zerbitzuak egiten; ez zuten kartzelaratu.

Prostituzioa, botere gehiegikeria eta ustelkeria delituekin ere lotuta egon da Berlusconi. Entzute handia izan zuen, Italian ez ezik, nazioartean ere Ruby auziak; adin txikikoa zen Karima el-Mahroug Ruby Berlusconiren festetan prostituta zen, eta lehen ministro izandakoa hari lotutako auzibide batean zigortu zuten. Polemika ugariren ostean, bertan behera geratu zen akusazioa, froga faltagatik.