argia.eus
INPRIMATU
Siemens Gamesako sindikatuek milaka lanpostu galtzeko beldurra adierazi dute
  • Ez da orain sortu beldur hori. Multinazionalak berak urrian iragarri zuen Estatu Espainiarreko bulegoetatik 450 lanpostu kenduko zituela.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko urriaren 19a

Espainiako Estatuan 5.000 bat langile ditu Siemens Gamesak, eta horietatik 1.800 Nafarroan eta 1.000 Zamudion (Bizkaia). UGTk eta CCOOk Iruñean ostegun honetan adierazi dutenez, datorren hilabetean hasi daitezke langileen kaleratzeak estatuan, eta guztira 5.000 lanpostu gal daitezke. ELAk ere gisa horretako ohartarazpenak egin izan ditu, batez ere ikusita azken asteetan konpainiak subkontratatutako 150 lanpostu bertan behera utzi dituela.

Egoera ez da berria. 2017an Siemensek Gamesa bereganatu zuenetik estu dabil konpainia, eta Agoitzeko haize-errota palen lantegia ere itxi zuen, dozenaka langile kalean utzita. Konpainia galera handiak izaten ari da azken urteetan eta aurtengorako iragarrita ditu 4.500 milioi euroko galerak.

Europako arazoa

Ez da Siemens Gamesa bakarrik, ordea: energia eolikoaren sektore osoa dabil dantzan azken urteetan, bereziki Europan. Hainbat arazo daude horretan, batetik produkzioaren eta kontsumoaren arteko desoreka, bestetik, Txinako ekoizleen konpetentzia gero eta handiagoa; eta azkenik, haize-errotak egiteko materialen krisia ere bai. Gutxi gora-behera Europako Mendebaldeko herrialdeetan, kontsumitzen den energiaren %20 elektrikoa da, falta den %80 hori ordezkatzen hasi nahi da apurka, baina sistema oraindik ez dago horretarako prestatuta.

Elektrizitatearen kontsumoari dagokionez, Europan geldotuta dago azken urteetan, baina berriztagarrien produkzioak asko egin du gora. Espainiak, esaterako, 2008tik 2021era %12ko kontsumo jaitsiera egon zen. Ondorioz, egoera paradoxikoa sortzen da, EBk 420 GWeko potentziara iritsi nahi du 2030erako eraikitako instalazio eolikoetan, baina industria eolikoak ezin du bermatu helburu hori, edo ez du bereganatu nahi egoerak eskatzen duen arrisku maila.

Funtsean, ekoizpen handia dago eta behar adinako kontsumorik ez, eta finantza ikuspegitik milioi euro asko eskatzen duten inbertsioak ez dira errentagarriak enpresentzat, arrisku handi bat hartu gabe. Horregatik, enpresek nahi dute sektore publikoak har ditzala hasierako arrisku horiek. Burbuila eoliko bat sortu da eta orain EBk sektorea erreskatatzeko plana prestatu du, zeina urriaren 24rako iragarriko den.

Aldi berean, materialen falta dela eta, Europan enpresa eolikoa eskaerak ase ezinean dabilen bitartean, Txinako konpainiak ari dira behar horiek asetzen, gainera Europakoak baino merkeago. Testuinguru horretan ematen ari da Siemens Gamesako eta sektore osoko lanpostuen galera.