argia.eus
INPRIMATU
Siemens Gamesa

Gorka Artizar Izurzu Zabalza 2020ko uztailaren 20a

Nafarroako Pirinio aldeko enpresarik handiena bere ateak ixtear dago. Bertan lan egiten duten 237 langileei ekainaren 30ean jakinarazi zieten enpresak bat-batean itxiko duela abuztuaren 8an. Jakina denez langileek ez dute erabaki hau onartu, horregatik egun bakarrean 2.550 sinadura baino gehiago biltzea lortu dute. Izan ere, hamabost urte luzez zonalde baztertu eta biztanlez hustuenetarikoa den honetara oparotasuna eta lana ekarri duen enpresa eolikoak ez du bere martxa eten azken egunera arte. Hemen lan egiten duten langileak ere ez dira gelditu bere eguneroko jardunean, eta horretan buru belarri aritu dira azken momenturaino. Agoitzeko egoitza Espainiako Estatu mailan enpresaren erreferente bihurtu dute bere lanaren poderioz, bai kalitateari dagokionez, bai bizkortasunari dagokionez. Agoitzen 40 metroko haize erroten palak sortzen dira, Bilbora bidali aurretik. “Astean 7 pala osorik egitera iritsi egin den fabrika honek 571 pala baino gehiago egin ditu azken urteetan. Eta hau ez da ezer ezetik sortu, lan itzela da hori.” Azaldu du Nagoreko biztanlea den Txisko langileak, enpresan 12 urtez lanean aritu ondoren.

"Ezin dugu ahaztu enpresa itzel honek Nafar Gobernuak luzaturiko diru laguntza eta inbertsio mordoari esker lortu duela burua altxatzea, azkena 6 milioi eurokoa"

“Enpresa honi esker etxe askotan bi soldata jasotzen dira familian, gurean kasu”, dio Marianek, Berriozarko 40 urteko emakumeak. Bat-batean aldi baterako 180 langile kaleratuak izan ondoren, finko eginiko 237 langileek euren etorkizuna argituko duen irtenbiderik ez dute inondik sumatzen. Langile komiteak dio gobernuak emandako argudioak ez direla nahikoa planta honen ixtearen erabakia hartu ahal izateko. Langileen eta komitearen eskakizuna da planta ez ixtea, eta horretan dihardute buru-belarri: sinadurak biltzen, manifestazioak antolatzen, pankartak marraztuz, prentsaurrekoak eginez, atzekoari aurrea bilatuz…

“Beste irtenbiderik ez badago zonalde honetarako bidezko alternatiba ekonomiko bat bila dezala gobernuak”, diote. Ezin dugu ahaztu enpresa itzel honek Nafar Gobernuak luzaturiko diru laguntza eta inbertsio mordoari esker lortu duela burua altxatzea, azkena 6 milioi eurokoa, ez da gutxi. Enpresaren erantzuna izan da kanpoko aholkularitza juridiko bati txosten bat eskatzea, non ematen diren milaka kontra-argudio, besteak beste, lan maila jaitsi dela. Hau ez dator bat gertatu denarekin, erantzun du enpresan 10 urte luzez lan egin duen Abdulek, lan istripu baten ondoren muleten laguntzaz oraindik ere errenka dabilena: “Argudiatzen dute enpresako zuzendariek galerak izan dituztela azken 5 urteetan, hala ere langile berriak kontratatzen ibili dira azken egunera arte.”

Aurreko hilabetean haize erroten palak egiteko erabiltzen diren bi moldeetatik bat Portugalera eramango zutela egin zieten mehatxu langileei. Oraindik plantan bertan jarraitzen du gordeta. Rodolfok argi dauka zein den arazoa: “Portugalen 650€ soldatak jasotzen dituzte langileek, eta duela gutxi multinazionalak planta berria zabaldu duen Tangerren are gutxiago, langileek 300 euroko soldaten truke egiten dute lan”. Horregatik goizetik gauera, planta berria erosi bezain pronto hemengo hau ixtea ez dirudi kasualitatea denik.

Enpresako 50 lagunek eta langileen ordezkariek argi utzi zuten horri guztiari aurre egiteko euren asmoa, uztailaren 14an Agoitzeko Udaletxean ospatu zuten osoko bilkuran. Argi eta garbi azaldu zuten indarrak batuz gero euren eskakizunak ez direla hutsean geratuko, eta berriro ere uztailak 25eko manifestaziorako deialdia egin zuten.

Esan ohi den bezala, balizko olak burdinarik ez.