argia.eus
INPRIMATU
Sidenorrek Israeli altzairua saltzeari utziko diola iragarri du, Palestinaren aldeko eragileen presioaren erdian
  • Astearte eguerdian jakinarazi du Sidenorrek Israelekin harreman komertzialak etengo dituela. Ordu batzuk lehenago ELA, LAB eta ESK sindikatuek, BDZ mugimenduarekin batera, euskal enpresari eskatu diote gaur bertan Bartzelonako portutik Israelera irten den bidalketa bertan behera uzteko. Aurreko asteetan hainbat hedabidek argitaratu dute Sidenorrek 2024ko abuztuaz geroztik 1.200 tona altzairu inguru saldu dizkiola estatu sionistari, eta horren harira salaketak piztu dira Euskal Herrian zein nazioartean.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko uztailaren 01
Sidenorreko Basauriko lantegia Wikimedia Commons

"Euskal enpresak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak apirilean Israeli saltzeko kontratua bertan behera uztea erabaki ondoren, Israeli altzairuaren salmentak etetea erabaki du. 2024an, Sidenorrek Israelgo enpresekin zuen merkataritza-harremana guztizko salmenten % 0,5 baino gutxiago izan zen". Horrela dio Europa Press berri agentziak zabaldu duen albisteak, Sidenorrek bidalitako ohar bati aipamena eginez. Albiste laburrak ez dio aipamenik egin azken asteetan zabaldu diren informazioei, enpresaren eta Israelen arteko harremanei buruz.

1.200 altzairu tona Israelen armak ekoizteko

Aste batzuk direla jakin zen 2024ko abuztuaz geroztik Sidenorrek altzairuzko hiru kargamentu –1.200 tona inguru orotara– bidali dituela Palestina okupatuko Haifa portura. BDZ-Bizkaiak salatu zuenez, altzairuaren eroslea IMI Systems enpresa zen, besteak beste, Israelgo armadarentzako armak egiten dituena. Informazio hori eskuan, Sidenorreko enpresa batzordeak, ELA, LAB eta ESK sindikatuen bidez, eskatu zion enpresari bere egiazkotasuna argitzeko eta Israelgo erakunde zein enpresekin harremanik ez izateko konpromisoa hartzeko. Deiarekin bat egin zuten Munduko Sindikatuen Federazioak, Portuko Langileen Nazioarteko Kontseiluak eta BDZ mugimenduak.

Astearte goizean prentsaurrekoa eman dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta BDZ-Bizkaia mugimenduak. Agerraldian, Sidenorrek aipatutako informazio eskaerari ez diola erantzun salatu dute, eta asteartean bertan burutzekoa zen laugarren bidalketa baten berri ere eman dute: "Uztailaren 1ean Zim Luanda itsasontzia Bartzelonako portutik aterako da Sidenor Aceros Especiales fabrikatzailearen altzairuzko 122 barrarekin, uztailaren 11n Israelgo Haifa portuan karga entregatzeko, hainbat hedabidek jakitera eman dutenez".

Astearte goizean agerraldia egin dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta BDZ-Bizkaiak. Argazkia: ELA.

Lau eragileek Sidenorri eskatu diote eskatutako informazioa emateko, eta "eskaera hori berretsiz gero, enpresa israeldarrari altzairua bidaltzeari berehala uzteko". Erakundeei ere –"bereziki Eusko Jaurlaritzari"–, eskatu diete "gauza bera egiteko eta Palestinako genozidioarekin kolaboratzen duten enpresekin edozein motatako adostasunak baztertzeko".

Sidenorren jakinarazpena ordu gutxi batzuk beranduago heldu da –oharrean enpresak ziurtatu du 2024an "Sidenorrek Israelgo enpresekin izan zuen merkataritza-harremana guztizko salmenten %0,5 baino gutxiago" izan zela, baina ez du publiko egin diren salmenten inguruko informazioarik eman, eta ez du argitu gaur Bartzelonatik irtetekoa zen kargamentua burutuko den edo ez–.

Sidenorren aurkako kereila Auzitegi Nazionalean

Bartzelonan, Kataluniako Komunitate Palestinarra izan da Sidenorren negozioak salatu eta ekiditen saiatu dena. Besteak beste, larunbatean Bartzelonako guardia epaileari eskatu zion itsasoko altzairua konfiskatu dezala, eta asteartean eskaera berdina egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalari, kereila bat aurkeztuta. Eragileak “kontrabando” delitua egotzi dio Sidenorri.

Eldiario.es-ek argitaratu duenaren arabera, ordea, Zim Luanda itsasonntzia 13:00ak pasatxo irten da Bartzelonako portutik.

BDZ: “Lortu dugu!”

Sidenorren erabakiagatik poza agertu du Israelen aurkako boikota, desinbertsioa eta zigorrak bultzatzen dituen nazioarteko mugimenduaren parte den BDZ-Bizkaia eragileak. "Lortu dugu!", adierazi du sare sozialetan.

Euskal enpresaren erabakia presioaren ondorioa dela ziurtatu du LAB sindikatuak: "Duela aste batzuk, Sidenorrek Israelgo armadarekin harreman komertzialak zituela jakin zen. Ordutik hona, Sidenorri presioa egiteko hainbat bide ireki dira, bai Euskal Herrian, bai nazioartean ere, eta presio horren ondorioz, Sidenorrek Israelekin dituen merkataritza-harremanak eten dituela adierazi du gaur". Sindikatuak adierazi du "adi" egongo dela Sidenorrek agindutakoa bete dezan, eta Confebask eta CEN enpresen elkarteei eskatu die "norabide berdinean ekiteko, Israelgo gerra-makineriarekiko lankidetza oro bertan behera utzita", ez dutelako onartuko "negozioa egitea genozidio baten kontura".