argia.eus
INPRIMATU
Sirat
Shock-a
Eneko Atxa Landa 2025eko irailaren 21

Erotuta utzi nau pelikulak; agian, kritika honen idazteko eran nabarituko zait. Óliver Laxeren luzemetraia honetan, Luis (Sergi López) eta Esteban (Bruno Núñez) ezagutu ditugu, aita-semeak, bost hilabete alaba/arreba ikusten ez dutela eta, bere bila abiatu dira Marokoko rave batera. Lekuak bitxia badirudi ere, trama, printzipioz, ez da berritzailea, hainbat lanetan ikusi baitugu halako bilaketarik.

Sirat, ordea, ez da dirudiena, eta oso zaila da zergatia azaltzea spoilerrik egin gabe. Amaieran, areto osoan ezinegon eta harridura handia sortu du pelikulak, ziur nago ikusle bakoitzak esperientzia bakana izan duela. Hala ere, ez daukat inolako dudarik, guztioi oso-oso gorputzaldi txarra utzi digula. Filmaren osteko hitzaldian, hainbat gairen inguruan hitz egin dute, rave-en, musika elektronikoaren eta trantzearen inguruan. Baita bizitzaren txikitasunaren eta gai metafisikoagoen inguruan ere, baina haria jarraitzea kostatu egin zait barruan nuen nahastearekin.

Alderdi teknikoagoei erreparatuz gero, noski, rave-etako musika da aipagarriena. Sentsazio bitxi eta desberdinak sortu ditu lanean zehar, eta bukaeran, bereziki. Aktoreek ere lan fina egin dute; are finagoa, kontuan hartzen badugu gehienak ez direla aktore profesionalak. Ondo egin eta grabatutako lana da Sirat, eta basamortuaren errepikakortasun infinituak sortzen duen ezinegon hori transmititzen du.

Alabaren bila eginiko bidaia bat espero nuen, eta hala izan da, baina ez da izan uste nuen bezalako bidaia. Kontakizun arketipikoen egiturari buelta eman dio, goitik behera, beste era bateko kontakizun bat sortzeko. Hizketaldian, transzendentziari buruz hitz egin badute ere, ziur nago gai hori lantzea ere bazuela helburu, niri ez zait ideia abstraktu hori iritsi. Pelikula oso gogorra, gordina eta kaotikoa da, eta Gaspar Noéren Irreversible ikusi nuenean izan nuen antzeko sentsazioa utzi dit. Ez zerikusirik daukalako, baizik eta guztiz basatia eta inpaktantea iruditu zaidalako. Ez dakit Sirat gomendatu ala ez; hori bai, ikusten baduzue, prest egon sentsazio gogorrak sentitzeko.