argia.eus
INPRIMATU
Sexurik gabeko bizitza
  • Munduko biztanleria osoaren ia %5ak ez dauka ez desio sexualik edo bere sexualitatea beste pertsona batzuekin elkarbanatzeko interesik. Mexikoko Unibertsitate Autonomoak egindako ikerketa baten emaitzak dira. Internet eta sare sozialen bidez ezagun egiten hasi dira pertsona asexualak, beren egoera aukera bat gehiago dela aldarrikatzen dutenak.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko uztailaren 19a
Pertsona asexualek beren erabakia aukera sexual bat gehiago dela aldarrikatzen dute.

Pikara magazinek argitaratu Virginia Mendozaren Vivir sin sexo artikuluan ematen dira ikerketa honen zenbait emaitza, eta orain gutxi sortutako kolektibo honen bizi filosofia azaltzen dute.

Honela definitzen dute beren aukera: “Ez dugu uste sexua txarra, bekatua edo zikina denik. Soilik, ez zaigu interesatzen eta nahiago dugu pertsonekin beste modu batean konektatu”.

“Asexual” hitzak ekar ditzakeen nahasteak ekidin nahian, kolektibotik azpimarratzen dute ez direla “antisexualak”. Mendoza artikulugileak dio, batzuetan, “asexual” entzunda harreman sexualak mantentzeari biologikoki uko egitea, narda egitea ulertzen duela jendeak. Talde honek, ordea, asexualtasuna orientazio eta desira sexual falta moduan hartzen du. Halaber, gaineratzen dute taldean aniztasun handia dagoela, eta batzuk tartean behin harreman sexualak ere mantentzen dituztela. Beste batzuk masturbatu egiten dira, nahiz eta beren sexualitatea partekatu nahi ez izan. Kolektiboan badago sexurik gabeko harreman erromantikoak mantentzen dituenik ere.

Artikuluan pertsona asexualen testigantzak irakur daitezke. Frustrazioa aipatzen du batek baino gehiagok. Nork bere lekua aurkitu arte, ulertzeko zail den eremuan ibiltzeak dakarren frustrazioa. Gizarteak egiten duen presioa ere azpimarratzen dute, eta sozialki behartuta sentitu direla sexu harremanak edukitzera.

Pertsonaia historiko asexualak

Erreportajean hainbat pertsona historikoren asexualtasuna ere izan dute hizpide, hala nola, Newton, Ingalaterrako Isabel I, Chopin, Dalí… Kafkaren egunerokotik ateratako esaldi pare bat aipatu dituzte: “Koitoa elkarrekin egotearen zoriontasunak dakarren zigor bezala. Ahal den neurrian ezkongabe bat baino aszetikoago bizi, hori da senar-emazte bezala jasateko aukera bakarra”.