argia.eus
INPRIMATU
Sexualitatez diharduen bi orri aurkitu dituzte Anne Franken egunerokoan
  • Teknologiari berriei esker, Anne Franken eguneroko bi orriren artean itsatsita zeuden mezuak deszifratzea lortu dute. Hilekoaz, prostituzioak eta txiste lizunez  dihardu oro har, eta ziurrenik ezkutatuta egin zen denboran idatzitakoak direla adierazi du Ronald Leopold Amsterdamgo Anne Frank Etxeko zuzendariak. Lau txiste eta sexualitateari buruzko 33 lerro dira aurkikuntzaren emaitza.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 16a

Naziengatik ihesean, hilabete luzez egon zen Anne Frank judua Amsterdamgo etxe batean ezkutatuta. Bertan idatzitakoa da gaur egun hain ezaguna den eguneroko pertsonala. Aurkitu berri dituzten orriek Franken alde “humanoena” azaleratzen dutela nabarmendu du Leopoldek, jasanezina zen tentsio egoera hartan “umoretik idazteko” ausardia izateagatik.

Anne Franken egunerokoaren datozen edizioetan orriok agertuko diren ala ez zehaztu ez badute ere, obrari “izaera” ematen diola adierazi dute. Laguna zuen Peter van Pelsenekin –19 urterekin Mauthausenen hil zen– elkarbanatutako gogoetak dira gehienak, gotorlekuan igarotako ordu luze haietan. Besteak beste, bere gorputzarekiko kezka azaltzen du, 14 urteko neska bati hilekoa jaisten zaion lehen unea deskribatuz.  Jada harreman sexualak izateko aukera zabaldu zaiola dio, “hilekoak horretarako bidea ematen baitu”. Hori bai, aurretik “ezkonduta” egotea beharrezkoa dela gogorarazten dio bere buruari.

Prostituzioaz horrela dio: “gizonezko guztiak, normalak badira, emakumezkoekin doaz; kalean gerturatzen zaizkien emakumeekin, eskutik heldu eta elkarrekin beste leku batera joateko. Parisen horretarako etxe handiak daude. Aita birritan izan da”. Frankek idatzitakoak “zentzua” duela diote adituek, Otto Frank –Anne Franken aita– aise joaten baitzen Frantziako hiriburura.