Urrian ‘soilik baietz da baietz’ legea indarrean sartu zenetik, lege berriaren interpretazio ezberdinak eta kontraesankorrak egin dituzte Espainiako Estatuko auzitegi ezberdinek, eta interpretazio askok kondena murriztu die legea aplikatu aurretik sexu indarkeria egotzita zigortutako hainbati. Espainiako Auzitegi Gorenak lege berriaz egindako lehen interpretazioak jurisprudentzia sortu du: lega onartu aurretik agindutako zigorrak arindu ahalko dira lege berriarekin, “kasuan kasu” aztertu beharko den arren
Urriaren 7an sartu zen indarrean Sexu Askatasunerako legea, 'soilik baietz da baietz' izenez ere ezaguna. Onarpenik gabeko sexu jarduera oro sexu eraso gisa kalifikatua izatera igarotzea, hori izan da berekin ekarritako funtsezko aldaketetako bat izan da; lege berriarekin sexu abusu delitua desagertu egin baita, sexu eraso izatera igaroz.
Teorian emakumeen sexu askatasuna mesedetu behar luke lege berriak, baina indarrean denetik egin den aplikazioak sexu erasoak egin dituzten hainbat gizoni ekarri dizkio onurak. Izan ere, hainbat auzitegik legeaz egin duen interpretazioak zigorrak murriztu dizkie legea onartu aurretik sexu erasoengatik kondenatutako hainbat gizoni.
Kontua da lege berriak egin duen sexu abusu eta sexu eraso delituen bateratzearen ondorioz, sexu erasoentzako gutxieneko zigorra gutxitu egin dela -adibidez, penetrazioa egon den kasuetarako, kartzela zigorra 6 urtetik 4ra murriztu da-. ElDiario.es-ek jasotzen duenez, “sexu delituengatiko kondenen zorua eta sabaia, orokorrean, aurreko Zigor Kodearekin baino baxuagoak dira orain”. Eta hori horrela, errudun jotakoari mesedegarriena zaion zigorra aplikatzeko Espainiako Konstituzioak jasotzen duen printzipioa aplikatuz, hainbat probintzia auzitegik kondenak murriztu dizkie sexu erasoak gauzatu dituzten hainbat pertsonari.
Espainiako Zigor Kodearen bigarren artikuluan jasotzen denez, ‘soilik baietz da baietz’ bezalako lege-aldaketa bat atzeraeraginez interpreta daiteke, baldin eta kondenatuari mesede egiten badio, inoiz ez kalte egiten badio. Horrek posible egiten du kondena berrikustea, kondenatua izan ondoren indarrean sartu den lege batekin. Eta hori da hainbat probintzia auzitegi egiten hasi direna, nahiz eta interpretazio kontraesankorrak egin dituzten. Adibidez, sexu indarkeriagatik emandako sententziak ez dituela berrikusiko adierazi zuen asteartean Nafarroako Auzitegiak.
Legearen interpretazio eta epai kontresankor horien aurrean, erabakigarria da Espainiako Auzitegi Gorenak Arandina auzian egindako lege berriaren interpretazioa, jurisprudentzia sortu baitu. ‘Soilik baitez da baietz’ legea aplikatuz, zigorra murriztu die adin txikiko bat bortxatzeagatik kondenatutako Aranda de Dueroko (Espainia) Arandina futbol taldeko bi futbolari ohiri. Fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen, eta auzitegiak 9 urtera murriztu die zigorra.
Espainiako Auzitegi Gorenak egindako ‘Soilik baitez da baietz’ legearen lehen interpretazioa da, eta legea atzerako eraginez aplikatzeko jurisprudentzia sortu du; alegia, lega onartu aurretik agindutako zigorrak berrikusi ahalko dira lege berria oinarri hartuta. Ñabardura bat egin du, ordea: magistratuen arabera, lege berriaren aplikazioa “kasuan kasu” aztertu beharrekoa da azpimarratu dute magistratuek, “kasu bakoitza aztertuz, eta ez era orokortuan, bai epaiketaren zain dauden auzietan, bai apelazio eta kasazio helegiteetan eta baita betearazpen prozeduretan ere”.