Sexu erasoen kontrako oihu ozena Azkoitiko plazan

  • Sostenipe Talde Feministak eta Sustraiak Moretzen taldeak deituta, elkarretaratze isila eta jendetsua egin dute Azpeitiko eta inguruko herrietako ehunka pertsonak herriko plazan. Bertan izan dira Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko abuztuaren 22an - 09:02
Jendetza bildu da Azkoitiko plazan erasoak salatzeko (argazkia: Maxixatzen).

15 minutu inguru iraun du asteleheneko elkarretaratze isilak, eta Sostenipe Talde Feministako ordezkariek idatzi bat irakurri dute erasoak salatzeko.

Abuztuaren 19an, goizaldean, adin txikiko batek eraso sexista pairatu zuela baieztatu zion Ertzaintzak Maxixatzeni. Ertzaintzak zapatuan jaso zuen sexu erasoaren salaketa, eta ikerketak aurrera jarraitzen du oraindik.

Astelehenean bertan, esaterako, zapatuko erasoaren ustezko egilea identifikatu du Ertzaintzak. Irakurketa egin ostean plaza bete duten pertsonek txalo zaparrada luze batekin itxi dute kontzentrazioa. Honako hau adierazi dute Sostenipeko kideek:

«Sostenipe, Azkoitiko mugimendu feministatik jakinarazten dugu hainbat eraso eta bortxaketa egon direla andramaixetan, Azkoitian.

Egoera oso larria da, horrelako erasoak ezin dira onartu. Erasoak jasan dituzten emakumeen ausardia eta salatzeko indarra goraipatu nahi ditugu, hau beti gertatu da baina ez dugu beti hitz egin!

Nazkatuta gaude; erasotu, iraindu, gutxietsi, zapaldu, bortxatu eta erail egiten gaituztelako! Zer egin eta zer ez egin esaten digutelako, nola jantzi, zer pentsatu eta noiz isildu agintzen digutelako! Nazkatuta gaude, erasotzaileak sortzen dituen sistema patriarkalak errotik aldatzea nahi ez duten azaleko neurriekin.

Gaur berriro ere hemen gaude, atzo geunden bezalaxe, atzotik gaurrera ez da ezer aldatu! Sistema berdinak jarraitzen du, indarkeria berdinak, eraso berdinak, azalpen eta aitzakia berdinak. Horrelako gertakari larriak inguruan gertatzean soilik larritzen direnek ahalbidetzen dute denak berdin jarraitzea.

Mugimendu feminista ez da isiltzen, ez gara isiltzen ez gaituzte isilduko! Kaleak hartzen jarraituko dugu, momentu oro erabaikiko dugu zer egin gure bizitzarekin! Gutako bat ukitzera ausartzen diren bakoitzean erantzungo dugu!

Ez beti da ez! Emakumeak saretu behar gara, elkar babestu, indartu, autodefentsa feminista aldarrikatu eta praktikatu!

Guk argi daukagu, begiak irekita eta hortzak zorroztuta ditugu! Ez gaude prest eraso gehiago jasateko!

Gora borroka feminista».

Albiste hau Maxixatzenek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude