argia.eus
INPRIMATU
Sexu erasoei lotutako zenbait epaitan bost gizon zigortu dituzte azken egunetan
  • Sexu erasoei lotutako epai ugari eman dira azken egunetan, eta bost gizon zigortu dituzte. Tuteran izandako bortxaketa batengatik, bi gizoni 9,5 urteko kartzela zigorra ezarri diete. Gasteizen gizon bati bost urteko kartzela zigorra ezarri diote emakume bat bortxatzeagatik. Nafarroako Auzitegiak berretsi du gizon baten hamalau urteko kartzela zigorra, alabaordea modu jarraituan bortxatzeagatik. Eta Gipuzkoan gizon bati lau urteko kartzela zigorra ezarri diote, 8 urteko neska bati ukituak egiteagatik.

Maria Ortega Zubiate 2025eko ekainaren 18a
Espainiako Auzitegi Gorena. EFE/Javier Lizón

14 urteko neska bat bortxatzeagatik, bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra jarri diete 34 eta 27 urteko bi gizoni. Azken erabakia Espainiako Auzitegi Gorenak eman du, eta Nafarroako Auzitegi Gorenak jada emana zuen bide beretik eman du epaia. Bi gizonek ezingo dute adin txikikoekin lan egin hamalau urtez, eta urte horietan ere ezingo dute emakumearekin komunikaziorik izan: 10.000 euroko kalte ordainak ere ordaindu beharko dizkiote.

Gasteizen bost urtera zigortu dute beste gizon bat, emakume bat fabrika abandonatu batean bortxatzeagatik. Bost urteko kartzela zigorra ezarri diote eta 25.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkio emakumeari; baita zaintzapeko askatasunean egon eta urruntze agindua bete ere. Dena den, gizonak ez du kalte ordain hori ordainduko, kaudimengabea dela deklaratu baitu epaian. Horrez gain, ez du kartzelara sartu beharko, bere abokatuak adierazi baitu errekurritu egingo duela epaia.

Beste gizon bati lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak, 8 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik. Erasoa neskaren amamaren etxean gertatu zen, fiskaltzaren arabera, umeentzako filmak ikusten ari zirela; hain zuzen ere, harreman horretaz eta adin aldeaz baliatzea leporatu dio fiskaltzak. Gizonak onartu egin du, eta horregatik, hamabi urtetik laura jaitsi diote zigorra. Dagoeneko behin-behineko espetxealdian dago gizona, eta handik ateratzerakoan, ezingo du neskarekin harremanetan jarri zortzi urtean, eta 8.000 euroko kalte-ordainak ordaindu beharko dizkio. 

Nafarroako Auzitegi Nagusiak lurraldeko Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak emandako epai bat berretsi du: hamalau urtera zigortu dute gizon bat, alabaordea modu jarraituan bortxatzeagatik. Gizonak argudiatu du harremanak baimenduak zirela, baina hori ukatu egin du emakumeak. Sexu erasoez gain, eraso fisikoak ere izan ziren. Hori horrela, hamalau urteko kartzela zigorraz gain, zortzi urteko zaintzapeko askatasuna, biktimarekiko urruntze agindua eta 60.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko ditu.