argia.eus
INPRIMATU
Sexu erasoak salatu dituzte Zorrotzan eta Barañainen
  • Bi eraso sexista izan dira iragan berri den asteburuan. Emakume bati lapurreta egiten eta bortxatzen saiatu zen gizon bat ostiralean Bilboko Zorrotza auzoan. Ondoren, larunbatetik iganderako gauean, gazte batek bere bikotekideari fisikoki eraso egin zion Barañainen.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 26a
Zorrotzan erasoa jasan duen emakumea oraindik ospitalean dago, erasotzaileak eragindako lesioetatik osatzen

Zorrotzan erasoa jasan duen emakumea oraindik ospitalean dago, erasotzaileak eragindako lesioetatik osatzen. Erasoa ostiral goizean gertatu zen, emakumea txakurra paseatzen ari zela gizon batek haren kontra bortizki jo zuenean. Ondoko parking bateko langileek emakumearen oihuak aditu, eta bortxaketa galaraztea lortu zuten. “Zorrotza Bizirik” koordinakundeak salatu du indarkeria kasu hau auzoko “gune beltz” batean gertatu zela. Halaber, koordinakundeko kideek jazoerak gaitzetsi, eta manifestazioa  deitu dute gaur arratsalderako.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek Europa Press-i adierazi diotenez, emakumeak salaketa ipini ostean Ertzaintzak gertaturikoa argitzeko ikerketa abiatu du.  

23 urteko gaztea atxilotu dute Barañainen

Barañaingo indarkeria kasuari dagokionez, larunbat gauean gertatu zen, 23 urteko gazte batek kaletik etxerako bidean bere bikotekideari eraso egin zionean. Udaltzaingoak gaztea atxilotu, eta erasotuak haren aurkako salaketa jarri du.

Egoeraren aurrean Barañaingo Udalak indarkeria sexistaren aurkako protokoloa martxan jartzea deliberatu du. Plazaberri.info-ri bidalitako txosten batean adierazi duenez, Barañainen gertatzen den biolentzia matxista kasu oro salatzen du eta salatuko du aurrerantzean. Era berean, iragarri du Barañaingo talde feministek azken erasoaren karietara antolatuko dituzten mobilizazio guztietan parte hartuko duela.