argia.eus
INPRIMATU
Sexu erasoak salatu dituzte hiru emakumek Baionako bestetan
  • Hiru emakumek jakinarazi dute sexu erasoak jasan dituztela Baionako bestetan, tartean bortxaketa bat. Horietako bik salaketa jarri dute polizia-etxean.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 01a
2018an Baionako bestetako erasoak salatzeko elkarretaratzea.

Uztailaren 24an, asteazkenean, hasi ziren Baionako bestak, eta lehen egunean sexu eraso bat jazo zen. Alkohol kontsumoagatik ospitalean zen emakumea, eta langileei esan zien erasotua izan zela. Biktimak salaketa ez jartzea erabaki zuen azkenean. Diotenez, kasu hau lotuta dago Maina harrera eta prebentziorako guneak salatu zituen gertakariekin, 16 urteko neska batek gizon talde baten ukituak jasan zituela salatu baitzuen Mainak.

Beste erasoa emakume bat karabanan lotan zegoela gizon bat sartu eta bortxatu egin zuen. Neskaren lagunak hurbildu eta gizona atxiki zuten Polizia iritsi arte. Epailearen aurretik pasa zen erasotzailea deklaratzera, eta orain aske da kontrol judizialpean.

Salatutako hirugarren erasoa larunbatean gertatu zen. Kalean bi gizonek inguratu eta ukituak egin zizkioten emakume bati, eta salatu duenez, ondoren bortxatzen saiatu ziren, baina ihes egitea lortu zuen. Erasoa sufritu eta egun batzuetara egin zuen salaketa Akizen (Okzitania).

Elkarlana baloratzen ari dira

Aurten kolaborazio handiagoa izan da talde feministen eta instituzioen artean, eta Maina harrera eta prebentziorako dispositiboa sortu dute. PAF talde feministak “aurrerapauso xumeak” izan direla onartu du, baina lan asko egin behar dela gehitu du. Jean Rene Etxegarai auzapezak erasoak gaitzetsi ditu, baina erasoen kopuruak behera egin duela nabarmendu du. Beherakada honek jarrai dezan, talde feministaren eta instituzioen arteko elkarlanarekin jarraitu behar dutela adierazi du. Hala ere, PAF-ek adierazi du beste hainbat eraso izan direla, nahiz eta ez diren ez salatu ezta jakinarazi ere.