Ostegunean gertatu zen erasoa. Udaleko talde politikoek adierazpen bat adostu eta elkarretaratzera deitu dute astelehen eguerdirako. Ostiralean erasoak egitea egotzita bi gizon atxilotu zituzten Beasainen eta Barakaldon eta asteburuan beste hiru Iruñean.
Erasotuak saltu duenez, ostegun gauen jasan zuen erasoa Donostiako Antigua auzoan. Ikerketa abian da. Igande arratsaldean Donostiako Udaleko talde guztiek adostutako adierazpena plazaratu dute erasotuari babesa adieraziz eta udal zerbitzuak eskainiz. "Gisa horretako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasunaren adierazpenik gaitzesgarrienak dira eta udal honek irmoki arbuiatzen ditu", dio, besteak beste, udalaren adierazpenak. Gaur eguerdirako kontzentrazioa antolatu du udaletxe parean.
Erasoak eta atxiloketak
Sexu eraso ugari gertatu dira egunotan. Uztailaren 13an Beasainen egindako bortxaketa dela eta gizonezko bat atxilotu zuen Lazkaon Ertzainak ostiralean. Gaur eramango dute epailearen aurrera. Ordiziarra da eta 34 urte ditu. Zonaldean gertatu diren bortxaketa gehiagorekin lotura duela uste du Ertzaintzak.
Ostiralean ere, beste gizonezko bat atxilotu zuten Barakaldon, hiru sexu eraso egotzita. Larunbatean karguekin libre geratu zen. Azkenik, asteburuan Iruñean hiru gizonezko atxilotu dituzte indarkeria sexista leporatuta, eta laugarren bat urrunketa agindua urratzeagatik.