Maiatzaren 28an emakume bat erasotzea egotzita atxilotu dute 21 urteko gizon bat. Elkarretaratzeak egin dituzte gertakaria salatu eta emakumeari babesa adierazteko, bai Itaiak eta bai udalak antolatuta.
Emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita 21 urteko gizon bat atxilotu dute Irunen, eta elkarretaratzeak egin dituzte asteartean, ekainaren 13an, gertakaria salatu eta emakumeari babesa adierazteko. Ertzaintzaren esanetan, erasotzaileak emakumea jarraitu eta etxe atarian eraso egin zion. Emakumeak ihes egitea lortu eta Ertzaintzarekin jarri zen harremanetan.
Bidasoako Itaiak, emakumeen antolakunde sozialistak, elkarretaratzea egin du. San Juan plazan bildu dira hamarnaka, "indarkeria matxista orori aurre egin" lelopean.
Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak ere elkarretaratzea egin du. Bertan hamarnaka lagun elkartu dira, tartean, udaletxeko alderdi guztiak eta José Antonio Santano alkatea.
San Martzial jaietako protokoloa
Aurtengo Irungo San Martzial jaietan ere eraso matxisten aurkako protokoloa jarriko du martxan Bidasoako Itaiak. Aurreko urtean, jaietan gutxienez hiru eta azken hilabeteetan hainbat eraso egon direla salatu du. Bide beretik, "indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak" garatzea ezinbestekoa dela uste du.
https://twitter.com/Itaia_bidasoa/status/1668304475591782406?s=20 https://twitter.com/Itaia_bidasoa/status/1668304475591782406?s=20