argia.eus
INPRIMATU
20 urteko gazte bat atxilotu dute Beasainen, sexu erasoa egitea leporatuta
  • Erasoa Loinatz jaietako azken egunean gertatu zen. Goierriko Itaiak elkarretaratze bat antolatu zuen gertakaria salatzeko.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 09a
Goierriko Itaiaren elkarretaratzea. @Itaia_Goierri

Sexu erasoa egitea egotzita, 20 urteko gazte bat atxilo hartu du Ertzaintzak asteburuan, Beasainen. Herriko jaietan, gizonak emakumea heldu, astindu eta baimenik gabe hainbat aldiz musukatzen saiatu zen, hori eta gero alde egin zuen, eta haren atzetik joan ziren emakumea eta lagunak, Poliziak jakitera eman duenez. 20 urteko gizona epailearen eskuetan geratu da. 

Igande arratsalderako Goierriko Itaiak dei egin zuen erasoa kondenatzeko. Dozenaka lagun batu ziren Beasaingo Bideluze plazan. Honakoa adierazi zuten: “Jakin badakigu, tamalez, eraso hau ez dela kasu isolatu bat. Kontrara, eguneroko ogia dira erasoak emakume langileon bizitzetan. Are gehiago, festa giroan eta alkoholaren aitzakiapean, erasoak normalizatu egiten dira”.