argia.eus
INPRIMATU
Sexu bidezko infekzio kasuak bikoiztu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
  • GIB / HIESA kasuak mantendu dira, baina klamidia, gonorrea eta sifilis kasuak bikoiztu dira. "Osasun publikoko arazo" direla ohartarazi du Jaurlaritzako Osasun sailburuak, "gorakada nabarmena" izan baitute.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 03a
Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren 2024ko memoriaren aurkezpena. Irekia

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu du Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren 2024ko memoriaren aurkezpena. Txostenaren arabera, sexu-transmisiozko kutsadurak gora egiten jarraitu dute. Azken urtean klamidia, gonorrea eta sifilis kasuak bikoiztu dira. GIBari begira, kasu kopuruak mantendu dira zifra berdinetan bost urtez. Honela adierazi du Alberto Martínez Osasun sailburuak: "Datuek agerian uzten dute GIB eta STIak gaur egun ere osasun publikoko arazoa direla. Izan ere, azken hamarkadan ukaezina da sexu-transmisiozko infekzioek izan duten etengabeko gorakada nabarmena".

2024an 2.954 klamidia kasu berri diagnostikatu ziren, gonorrearenak 1.861 eta sifilisenak 490. Adin talde guztietan nabaria izan da igoera, 20 eta 34 urtekoak nabarmenduta. Horren aurrean, Osakidetzako HIESaren eta STIen Planaren koordinatzaileak adierazi du "prebentzioan lan egin behar dela": "Sexu-osasunari modu integralean eta ikuspegi positibo batetik heldu behar zaio, bereziki biztanleria zaurgarriari zuzenduta, hala nola gazteei eta nerabeei. Horretarako, haien beharretara egokitutako prebentzio, diagnostiko eta terapia-estrategiak ezarri behar dira".

Diagnostiko goiztiarraren garrantzia

Osakidetzak gogorarazi du diagnostiko eta tratamendu goiztiarren garrantzia, erabakigarriak baitira "bizi kalitate ona lortzeko" geroago. Horretarako, Lehen Mailako Arretako zentroez gain, STI kontsultak daude eskura, sarbide zuzeneko telefonoekin, eta farmazietan ere proba azkarrak egiteko aukera dago.