Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak plan estrategiko bat jarriko dute abian, EAEn sexu bidezko gaixotasunen intzidentzia jaisten jarraitzeko helburua duena. Azken urteetan kutsatze kopuruak beherantz egin arren, oraindik beharrezkoak dira mota horretako gaitzen aurkako programa espezifikoak, Jon Darpon Osasun sailburuaren esanetan.
Abenduaren 1ean da HIESaren Munduko Eguna, eta aurtengo leloa gogorarazi dute prentsaurrekoan: “HIESa ez da iraganeko kontua, kontuan izan egun ere”. Mezu horrekin bat eginez, 2015-2018 epealdirako plana aurkeztu dute. Helburua da sexu bidezko gaitzak %10 murriztea.
Darponekin batera, Daniel Zulaika (Euskadiko HIESaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planeko koordinatzailea) eta Maria Jose Fuster (Espainiako SEISIDA elkarteko kudeatzailea) agertu dira hedabideen aurrean. Adierazi dutenez, gutxi gorabehera 7.500 lagunek daukate GIB birusa gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horien heren batek ez dakiela kalkulatzen da.
Zifrak hobeak dira duela urte batzuetakoak baino: 2009an 207 kasu berri diagnostikatu zituzten; 2013an, 143. Haatik, adituek uste dute plan espezifikoak mantendu beharra dagoela. Besteak beste, HIESa gaitz kroniko, eta ez hilgarri, bihurtu izanak nolabaiteko erlaxatzea eragin duelako herritarrengan, eta hori arriskutsua izan daitekeelako etorkizunean, beste herrialde batzuetan gertatu denez.
Bestalde, sexu bidez kutsatzen diren zenbait gaitzen intzidentzia handituz doa. Kopuru absolutuak ez dira ikaragarriak, baina hala ere, goranzko joerak arreta berezia eskatzen duela adierazi dute.
Osakidetzaren webgunean ikus daitekeenez, batez beste 72 sifili kasu atzeman ziren urtero 2008 eta 2012 bitartean. Orain dela hamarkada bat inguru, bizpahiru izaten ziren. Kontuan izan behar da era honetako gaitzen kasu guztiak ez direla atzematen, gaixoek ezkutuan mantentzen dituztelako.