Sexu-abusuak eta Gipuzkoako eliza katolikoa berriz ere elkarren eskutik: Gipuzkoako Elizbarrutiak jakinarazi du, azken bi urteetan lau apaizek duela 38 eta 50 urte artean haurrei egindako lau sexu-abusu salaketak jaso dituztela.
Duela bi urte Juan Kruz Mendizabal “Kakux” Gipuzkoako bikario ohiak egindako abusuen eskandaluarekin atera zen gaia lehen aldiz agenda publikora.
Geroztik, beste lau salaketa jaso dituztela adierazi du Donostiako Elizbarrutiak.
Salaketek, ordea, ez dute eragin praktikorik izango, delituak egin zirenetik hamarkadak pasa direnez, dagoeneko preskribatuta daudelako. Gainera, salatu dituzten lau elizgizonetatik bi hilda daude dagoeneko.
Gipuzkoako elizak dio, barne-legediaren araberako prozesua abiatu zuela salatuak izan diren eta oraindik bizirik dauden beste bi apaizen aurka. Vatikanoak gainbegiratuta egin da prozesu hori eta bi apaizei “zigor kanonikoa” ezarri zaiela jakinarazi du.