argia.eus
INPRIMATU
Sexu abusuen aurrean haurrak babesgabe uzten ditu justiziak Espainiako Estatuan, NBEren arabera
  • NBEk arreta eman dio Espainiako Gobernuari, sexu abusuen aurrean haurrak babesgabe uzten dituelako. Reel Alsalem NBEko Errelatore Bereziaren arabera, haurren zaintza eskubidearekin eta emakumeenganako diskriminazioarekin loturan, egoki bideratu ez diren 30 kasu baino gehiagoren berri izan dute.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 22a
Ilustrazioa: Leonard Beard

Espainiako Estatuan haurrak babesgabe daude sexu abusuen eta indarkeriaren aurrean, justizia sistemak ez dituelako abusuak egiten dituzten gizonengandik babestean. Hala dio NBE Nazio Batuen Erakundeko aditu talde batek, zeinaren arabera “Espainiako Gobernuak gehiago egin behar du etxe barruko indarkeriaren eta abusu sexualen aurrean haurrak babesteko, eta baita auzitegiek emakumeenganako aurreiritziak atzean uzteko eta haurrak eta generoa kontutan hartzen dituen ikuspegia aplikatzeko”.

NBEk Espainiako Gobernuari arreta emanez helarazitako txostenaren atzean dagoen aditu taldeko parte da Reel Alsalem (Kairo, 1976), NBEko emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Errelatore Berezia. El Saltori elkarrizketa eskaini dio, eta bertan egindako adierazpenen bidez jakitera eman du hiru aldiz jo dutela Espainiako Gobernuaren atea, haurren sexu abusu kasuen harira; erantzunak zehaztasunik gabeak izan direla jakinarazi du. Adierazi duenez, Espainiako auzitegietan errepikatzen den patroi batek ez ditu emakumeak sinisten beren seme-alabei egindako sexu-abusuak salatzen dituztenean, eta adin-txikikoak indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidearen gainetik jartzen da horiek beren aitekin duten harremanari eustea. Alsalemen arabera, patroi horrekin lotutako 30 kasu baino gehiagoren berri jaso dute, haurren zaintza eskubidearekin eta emakumeenganako diskriminazioarekin lotura dutenak. Horien artean legoke Irune Costumero bizkaitarrarena.

Argi mintzo da Alsalem: “Espainian, ustezko aita abusatzaileen testigantzek sinesgarritasun handiagoa dute abusuak salatzen dituzten amek baino”.