argia.eus
INPRIMATU
Sergio Ayucar: “BSHri oso merke atera zaio Eskirozko lantokia ixtea”
  • ELAk eta LABek ez dute lan batzordearen gehiengoak erdietsitako eta langileen gehiengoak onartutako aurreakordioa sinatu: "Ez da 1.000 familiarentzako irtenbiderik planteatzen. Finean, lanpostu askoren galera eta fabrikaren itxiera dakar", adierazi du LAB sindikatuko ordezkari eta Eskirozko BSH lantokiko langile Sergio Ayucarrek. "BSHri oso merke atera zaio lantegia ixtea", berretsi du. 

Maialen Huarte Arano Euskalerria irratia @fm983irratia 2025eko uztailaren 23a

UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik BSHko zuzendaritzarekin erdietsitako akordioa berretsi du Eskirozko lantokiko langileen gehiengoak. Ez datoz bat LAB eta ELA. "Ez da 1.000 familiarentzako konponbidea. 650 pertsonentzako akordioa da. 400 familia gelditzen dira baldintza okerragoekin", salatu du LAB sindikatuko ordezkari eta Eskirozko lantokiko langile Sergio Ayucarrek. "Hasieratik izan da lan batzordearen nahia langile guztientzako irtenbidea bilatzea", izan du gogoan. Lantegia bdieragarria dela uste dute langileek. Enpresak erabaki estrategiko eta neurrigabeak hartzen ari dela diote. Multinazionalaren arrazoi guztiak "zentzugabeak" izan dira. "Egoera deserosoan izan dira negoziazioetan, azken unera arte ez da akordio batera iritsi ahal izan", esan du. "Azkeneko bost orduetan, goizaldean lortu zuten orain berretsitako akordioa", esan du. "Arduragabea" da planteamentua Ayucarren ustez, eta "ezin izan da dena ongi loturik utzi". 

Proportziorik gabeko kalte-orainak izanen dituztela langileek iruditzen zaio: "Ez dago gutxienekorik. Dirua jarri dute langile gehien dauden adin multzorako". Zazpi hilabetetako aldarrikapenak eta 1.000 lanpostuen jarraipena ez dute lortzerik izan: "Emaitza hau izan da. Oso merke atera zaio BSHri Eskiroz ixtea", ondorioztatu du.