argia.eus
INPRIMATU
Sentsuala eta kementsua
  • Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Diego Matheuz. Bakarlaria: Maxim Rysanov (biola). Egitaraua: Lavista, Saint-Saëns eta Rimsky-Korsakoven lanak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: apirilaren 17a.

2012ko apirilaren 25a
Diego Matheuz zuzendaria. (Argazkia: palermo.cervantes.es)

Egitarau polita, laburra eta ondo interpretatua eskaini zigun Euskadiko Orkestra Sinfonikoak azkeneko emanaldian. Hiru obraz osatutako programa aitzakia perfektua izan zen frogatzeko nolako sonoritate biribila eta haragiduna eduki dezakeen gure orkestrak ondo gidatuta dagoenean (eta hori Principal Antzokiko akustika zinez txarra kontuan hartuta).

Segurua uneoro, doi-doia eta xarmagarria iruditu zitzaigun, beraz, astearte honetako interpretazioa. Hasteko, erabateko estreinaldia den Mario Lavista konpositore mexikarraren “Hiru kantu Edurneri”. Pieza labur honek, kutsu zinematografikoaz gain, ehundura interesgarriak ditu, eta benetan deigarria suertatu zen.

Jarraian, musikalitate klasikoago batera joan ginen Saint-Saëns-en Cellorako kontzertu famatuaren eskutik. Aldi honetan, Sitkovskayak egindako biolarako bertsioa entzun genuen, eta, bakarlari gisa, Maxim Rysanov biola jole ukrainarra izan zen protagonista. Birtuoso hutsa da Rysanov. Afinazio perfektua eta teknika izugarria adierazi zituen. Nahiz eta une batzuetan adierazkortasun pittin bat faltan bota genuen, oro har, interpretazio komentzigarria eskaini zuen, adoretsua eta segurua. Bestalde, orkestrak primeran bete zuen bere papera, eta Diego Matheuz zuzendari venezuelarrak izan zuen horretan bere “kulpa”. Hogeita zortzi urterekin, musikari heldua eta txispaduna da.

Saioaren bigarren zatian, RImsky-Korsakov-en Sheherezade, suite sinfonikoa, op. 35 entzuteko aukera izan genuen. Benetako gutizia, batez ere Aitzol Iturriagagoitia kontzertinoaren estiloarengatik. Sentsuala, malgua eta irudimentsua izan zen Iturriagagoitiaren lana. Orkestraren soka, leuna eta gozoa, bestalde, luzitu egin zen obra eder honetan. Hamar puntu.