Sententziaren zain geratu dira auzi politiko baten aurka protestatzeagatik epaitutako 50 lagunak

  • Alcala de Henareseko auzitegian izan da berrogeita hamar lagunen aurkako epaiketa. 2015eko epaiketa batean egindako ekimen sinboliko batengatik, desordena publikoa egotzi zieten, bost hilabeteko espetxe zigorra eskatuz bakoitzarentzat. Asteartean eman dute amaitutzat epaiketa, eta sententziaren zain geratu dira.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko urtarrilaren 10an - 08:55

2013. urtean sortu berri zen Ernai Gazte Antolakundeak Gazte Danbada antolatu zuen Urduñan. Ekitaldi nagusiaren egunean, Xabier Lopez Peña preso politikoa espetxean hil izana salatu zuten. Fiskaltzak eta AVT elkarteak, terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, bina urteko kartzela eskatu zuten Ernaiko zazpi kiderentzat. Topatu komunikazio proiektuko kide batentzat eta Periko Solabarriarentzat, berriz, urte eta erdikoa. Azkenean, ordea, azken honen aurkako karguak epaiketa hasi aurretik kendu zituzten. 

2015. urteko maiatzean jarri zuen epaiketarako data Angela Murillo epaileak, Segi gazte antolakundearen aurkako makro-epaiketan aste batzuk lehenago talde terroristako kide izatea egotzita zazpi gazte espetxeratu zituen epaile berberak. 

Epaiketa iristean, desobedientziaren aldeko hautua egin zuten epaituek ekimen sinboliko baten bidez. Zortzi akusatuak altxatu ziren, espetxeratuen argazkiak soinean zituztela eta herri harresi bat irudikatuz; publikoko kideek, berriz, gazteak babestu zituzten. Momentuko akusatuei zein publikoari, desordena delitua egotzi zieten. 

Hiru urteren ostean, asteartean izan dute epaiketa. Goizean goiz gerturatu dira epaituak Alcala de Henareseko epaitegira. Auzipetu guztiak izan dira deklaratzen lehenak. Publiko gisa zeudenek epaiketa hartan ez zutela txalotu eta ezer ez zekitela azaldu dute; auzipetuak zirenek berriz, herri harresia protesta sinboliko gisa egin zutela adierazi dute. 

AVTko abokatu baten txanda izan da ostean: lekuko gisa deklaratu du. Publikoko jendea oihuka hasi zela esan du, aulki gainera igo ez ote ziren gaineratuz. Epaiketaren unean aretoan zeuden bi poliziek ere eman dute euren lekukotza, publikoa pixkat bat tiratu eta ondoren euren kabuz irten zirela azalduz. 

Abokatuetako batek adierazi du ezin dela argudiatu publikoko kideetako bakoitzak txalotu zuenik; eta beraz, guztien absoluzioa eskatu dute defentsaren abokatuek, “eragozpena ez zelako larria izan eta ez dagoelako frogarik”. Fiskalak eskaerei eutsi die, bost hilabeteko espetxe zigorra bakoitzarentzat. 

Auzipetutako 50 lagunen irakurketa

"Bi urte baino gehiago igaro dira, eta hemen gaude berriro ere. Badirudi beste bizitza batean izan zela 2013an Urduñan Ernaik ospatutako Gazte Danbadako ekitaldiaren harira, bederatzi euskal herritar terrorismoari gorazarre egitea leporatu eta 2 urteko espetxe eskaerarekin Madrilera, Audientzia Nazionalera, jaitsarazi gintuztenetik. Xabier Lopez Peña euskal presoa hil zen bat-batean ospitalean, baina espainiar justiziak, nahiago izan zuen beste albo batera begiratu, eta gu ikertu. Gazteok ekitaldian berari eta bere sendiari egindako elkartasun keinua, baita Topatu proiektu komunikatiboak egindako albistea ere, delitu bihurtu zituzten. 

2015eko maiatzean jarri zigun epaiketarako data Angela Murillo epaileak, Segi gazte antolakundearen kontrako makro-epaiketan aste batzuk lehenago talde-terroristako kide izatea egotzita zazpi gazte espetxeratu zituen epaile berberak, hain zuzen. Hainbat hilabetez luzatu zen fartsa izan zen epaiketa hori, gazte mugimendua, gazte militantzia, eta oro har, euskal gazteria kriminalizatzea eta zigortzea helburu zuena. Azken hilabeteotan agerian geratu den espainiar justiziaren erabilera politikoaren bidegabekeria bat gehiago izan zen hura. Epiaketa politiko bat, finean. 

Horregatik, epaiketa iristean, interes politikoen gainetik dagoen justizia defendatzeko desobedientziaren aldeko hautua egin genuen ekimen sinboliko baten bidez: epaiketako une batean, zortzi akusatuok altxatu, eta akusatuok zein orduko publikoak soinean generamatzan 'Libre' kamisetak kendu eta Angela Murillok espetxeratutako gazteen aurpegiak utzi genituen agerian. Keinu sinboliko hori nahikoa izan zen zortzi akusatuak zein elkartasuna adieraztera joan ginen lagun guztiak desordena delitu baten aitzakiapean auzipetzeko. Epaiketa politiko bat hau ere. 

Ironikoki, aste batzuk geroago, Auzitegi Gorenak berak arrazoia eman zion gure aldarrikapenari eta Bergoi Madernaz, Ainhoa Villaverde, Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban aske utzi. 

Hala ere, hemen gaude denok berriz ere bi urte geroago, Alcala de Hernareseko epaitegian, Euskal Herri osoko eta Madrileko 50 gazte, bakoitzak bost hilabeteko espetxe eskaera bizkar-gainean. Euskal herritar gehiegik egin behar izan duten eta egiten jarraitzen dugun bidea eginez berriro. Elurrez eta izotzez betetako errepideetan bidea arriskatuz, soberan ez dugun dirua xahutuz eta indar fisiko zein psikologikoak ahituz. Duela ez hainbeste bide bera egin zuten lagun batzuek zioten bezala, 'basque lives matter', baina ez justizia espainolari. Denborak aurrera egingo ez balu bezala, epaitegietara kateatuta nahi gaituzte, isunek eta espetxe eskaerek itota, hari fin baten gainean kolokan beti... baina guk argi dugu, bide luze batean jarri nahi dizkiguten harriak dira, elkartasunak eta borrokak merezi dute. 

Horregatik, epaiketa honen zentzugabekeria salatu nahi dugu. Noren buruan sar daiteke kamiseta batzuk erakusteagatik, edo besterik gabe, lagunei elkartasuna adierazteko epaitegian bertan egoteagatik norbait auzipetzea? 50 lagun auzipetzea? Euskal Herria zapaltzeko errepresioa eta epaitegiak erabiltzen dituztenen buruan bakarrik. Badirudi ez dutela ulertu epaiketa bat gehiago ez dela nahikoa izango elkartasuna eteteko, lege eta sententzia injustuei men egiteko. Hamaika bider frogatu dugu alferrikako estrategia dela, eta gaur ere hala egingo dugu. Errepresioaren eta mehatxu judizialen gainetik, euskal gazteriak libre bizi eta borrokatzen jarraitzeko apsutua egiten dugu! 

Azkenik, bukaezinak diren prozesu judizial hauetan zehar utzi gaituen Periko Solabarria gogora ekarri nahi dugu. Danbadako ekitaldian auziperatu zuten hura ere, eta osasun arrazoiak zirela eta ezin izan zen madrilera jaitsi. Zalantzarik gabe, bestela, gurekin jaitsi beharko zuen hark ere. Azken unera arte borrokalari nekaezin, hilabete beranduago utzi gintuen. Azken unera arte LIBRE bizi izan zen, guk geuk ere egingo dugun bezala! 

50ok LIBRE! Epaiketa politiko gehiagorik ez!".

Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Epaiketak
Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Gorka Torre epaituko dute Izpurun eta Donibane Garazin euskararen aldeko ekintza batzuengatik

HerriBiltzako militantea den Gorka Torre konbokatu du martxoaren 26an Baionako auzitegiak UNESCOren izenean egindako margoketengatik.


2024-02-06 | Gedar
14.000 euroko zigor eskaera gazte batentzat, Palestinarekin elkartasunez Donostian egindako protesta bat dela-eta

Asteazken honetan deklaratu beharko du, eta elkarretaratzera deitu du GKSk: 11:30ean bilduko dira epaitegi aurrean. Iazko azaroaren 3an egindako protesta baten harira auzipetu dute gaztea; PSOEren egoitza aurrean mobilizatu ziren egun horretan, sionistak Palestinan egiten ari... [+]


Eguneraketa berriak daude