Elkarretaratzeak egingo dituzte selektibitateari eta Baxoari ezetz esateko. Gainera, apunte-banku bat eta klase partikularrak jarri dituzte martxan IAko kideek.
Gertu dago ikasturtearen amaiera eta, horrekin batera, gertu daude unibertsitatera sartzeko ikasleek egin beharreko probak. Urtero egiten duen modura, sarbide-proba horiek salatu ditu Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak: "Selektibitatea hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko tresna da, filtro sozialerako funtzioa betetzen duena eta ikasleon artean indibidualismoa eta lehiakortasuna areagotzen dituena". Azterketa horiek ikasleen osasun mentalean sortzen duten kalteaz ere ohartarazi du, eta, gainera, gogorarazi du Ipar Euskal Herrian ez dagoela aukerarik sarbide-proba, Baxoa, euskaraz egiteko.
IAk, bestalde, nabarmendu du aurten are larriagoa dela egoera, "selektibitate-eredu berriak ekarri duen ezegonkortasuna" dela eta. "Ikasleok informazio nahikorik gabe jarraitzen dugu oraindik", azaldu du: "Gure etorkizunarekin jolasten dute, ikasleon hitza eta interesak kontuan hartu gabe".
Iazko urrian, Ez jolastu gure etorkizunarekin! lelopean, mobilizazio jendetsuak egin zituen IAk Hego Euskal Herriko hiriburuetan, salatzeko selektibitate-eredu berriaren inguruko informaziorik jaso gabe jarraitzen zutela ikasleek. Espainiako Estatuko hainbat lurraldetan ere mobilizatu zen ikasleria, eta agintaritzek horregatik ikusi zuten euren burua behartuta zer edo zer esatera: Espainiako Hezkuntza Ministerioak, Unibertsitate Ministerioak eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak (CRUE) adierazi zuten selektibitate berriaren azterketa-eredu guztiak argitaratuko zituztela. Hala ere, IAk berriki azpimarratu dutenez, informazio falta izugarria da oraindik ere.
Apunte-bankua eta protestak hiriburuetan
Sarbide-probak bertan direla ikusita, "indibidualismoari aurre egiteko", ikasleen arteko elkartasunean oinarritutako apunte-banku bat dauka martxan IAk. Horretaz gain, "filtro sozialari" ere kontra eginez, klase partikularrak antolatu ditu Euskal Herriko hainbat eskualdetan, azterketak elkarlanean prestatzeko.
Aurreko urteetan egin duen modura, bestalde, selektibitateari eta Baxoari ezetz esateko kontzentrazioak egingo ditu IAk azterketen egunetan. Hiriburuetan izango dira protestak, eta aurrerago emango du deialdi zehatzen berri antolakundeak.