argia.eus
INPRIMATU
Sektore publikoan grebarako deialdiak berretsi dituzte sindikatuek: "Jaurlaritzak Madrilgo mugei men egin die"
  • Urriaren 25ean eta abenduaren 19an 150.000 lagun daude grebara deituta. Sindikatuek esan dute Eusko Jaurlaritzak bere eskumenei "muzin" egin diela eta ez duela lan baldintzak hobetzeko edukirik eskaini haiekin biltzerakoan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko urriaren 11
Greba deialdia pasa den irailean iragarri zuten sindikatuek. Argazkia: LAB

EAEko funtzio publikoaren mahai orokorra eginda asteartean eta Eusko Jaurlaritzako eta sindikatuetako ordezkariak ez dira ados jarri urriaren 25ean eta abenduaren 19an deituta dauden greba deialdien aurrean. ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek deitu dute greba, eta azaldu dutenez Jaurlaritzak "Madrili men egin eta bere erabakitzeko eskumenari muzin" egin dio.

150.000 lagun baino gehiago daude deituta grebara. Besteak beste eskatzen dute enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzea, "lan baldintzak okertzeko prozesu etengabearekin" amaitzea, behin behinekotasuna %8ra jaistea, pribatizazio prozesu berri gehiago martxan ez jartzea, lan kargak arintzea, zerbitzu publikoak indartzea...

"Eusko Jaurlaritzarentzat eskaera horiek aski ezagunak dira", azaldu dute langileen ordezkariek mahai orokorreko bileraren ostean: "Ordea, Madrildik ezartzen diren mugei men egiten jarraitzeko asmoa adierazi du". Hala, salatu dute Jaurlaritzako ordezkariek ez dutela langileen lan baldintzak hobetzeko edukirik eskaini.

Bi lanuzteekin jarraitzeko asmoa berretsi dute, eta sektore publikoko langile guztiei dei egin diete greba horietan parte hartzera.