Bigarren aldiz bertan behera utzi dute sei preso politiko maputxeren aurkako epaiketa. Ondorioz, badaezpadako espetxealdian jarraitu beharko dute auziperatuek. Euren abokatuak prozesuko irregulartasunak salatu ditu, eta maputxeen mugimenduak jasaten duen “kriminalizazio judiziala” arbuiatu du.
Bertan behera utzi dute, bigarren aldiz, sei preso politiko maputxeren aurkako epaiketa. Txileko Los Angeleseko Ahozko Justizia Auzitegian epaitu behar zituzten “Quilleco” kasuagatik, baina auzitegiak epaile falta argudiatu du epaiketa ez egiteko. Zigortutako bost lagun 2023ko urriaren 13an atxilotu zituzten “basoko makineriari su ematea eta Carabinero-en ustezko homizidio zapuztu batean parte hartzea” leporatuta. Seigarrena urtebete geroago atxilotu zuten. Ordudanik, behin-behinean espetxeratuta dituzte, eta erabaki berriarekin, hala jarraitu beharko dute.
Rodrigo Pizarro auziperatuen abokatuak epaiketa bertan behera uztearen erabakiaz gain, auziaren ikerketan izan diren “irregulartasunak” salatu ditu. Adierazi du ez direla errespetatu –Txileko Estatua betetzera behartuta dagoen– giza eskubideen arloko oinarrizko nazioarteko estandarrak, epaiketak “beharko lukeen prozesua eta epe zentzudun baterako eskubidea” urratzen baititu. Pizarrok gaineratu du “lotsagarria” dela zuzenbideko estatu demokratiko batean “errugabetzat jo beharko liratekeen pertsonek botere judizialaren jarduera ezagatik soilik luzatzen den espetxeratzea jasan behar izatea”. “Zergatik uko egiten diote epaileek epaiketa hau egiteari? Apelazio Gorteak bere epaileengan autoritaterik ez badu, nork dauka?”, galdetu dio abokatuak bere buruari.
Maputxeen mugimenduak urteak daramatza euren herriak jasaten duen “kriminalizazio judiziala” eta Txileko Justiziaren pentsamolde “kolonial eta arrazista” salatzen. Hori agerian geratzen da administrazioek legea “urratzen” duen prozesuetan, mugimenduaren arabera. Besteak beste, zigor handiak, lekuko babestuak, urtetako badaezpadako espetxealdia eta jatorrizko herrien eskubideak babesten dituzten nazioarteko tratatuen urraketak jasaten dituztela salatu dute. Txileko Konstituzio bera ere urratzen dela salatu du mugimenduak.