argia.eus
INPRIMATU
Sei euskal preso hurbilduko dituzte, horietako bi Madrilera
  • Espainiako Espetxe Erakundeek sei euskal preso politiko hurbilduko dituela iragarri dute, horietako lau Euskal Herri inguruko espetxeetara eta beste bi Andaluziako espetxeetatik Madrilgoetara. Espainiako Gobernuak, beraz, tantaka jarraitzen du presoak hurbiltzen.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 13a
Antton TroitiƱo da hurbilduko duten presoetakoa. Argazkian Londresen, estraditatu aurretik.

Antton Troitiño Estremeratik (Madril) Soriara ekarriko dute. Andoni Otegi Almeriatik Logroñora. Mikel Arrieta Algecirasetik Soriara. Aitzol Maurtua Huelvatik Dueñasera (Palencia). Bittor Franco Huelvatik Estremerara. Eta Agustin Almaraz Cadizetik Estremerara. Euskal Herriko inguruetara hurbiltzen dituztenak 250 kilometroren bueltan dauden espetxeetara ekarriko dituzte.

Espetxe erakundeetatik jakinarazi dutenez, seiek espetxeetako legedia onartu dute eta gehienek zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte. Sei presoek espetxe zigor luzeak egin dituzte eta horien artean nabarmendu liteke Antton Troitiño, zeina 2011n askatu zuten 30 urteko espetxe zigorra bete ondoren. Espainiako justiziak, aldiz, berriz leporatu zion ETAn sartu izana eta, honek akusazioa ukatu arren,Londresetik –han babestu zen Troitiño– estraditatzea lortu zuen, ia 6 urteko zigorra ezarriz. Francok eta Maurtuak 18 urte bete dituzte espetxean eta gainerakoek 20tik gora. Bittor Francoren aita joan den astean hil zen eta, Etxeratek salatu zuenez, ez zuen bere aitari azken agurra emateko aukerarik izan.