argia.eus
INPRIMATU
Segurtasun Sailean Atutxaren eskuin eskua izan zen Jon Goikoleak zuzenduko du Arkautiko akademia
  • Jon Gurutz Gomez Goikoleak Juan Mari Atutxaren ondoan egin zuen lan Jaurlaritzaren Segurtasun Sailean 1992 eta 1998 artean, lehenik prentsa aholkulari gisa eta 1994tik kabinete buru. Izendapena Miren Dobaran Arkautiko aurreko zuzendariak dimisioa eman eta ia bi hilabetera gauzatu da.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko irailaren 23a
eitb

Astearte goizeko Gobernu Kontseiluan onartu dute Jon Gurutz Gomez Goikolea Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi izendatzea, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan jakinarazi duenez.

Goikolea Gasteizen jaio zen 1959 urtean. Jaurlaritzak argitaratu duen curriculumaren arabera, besteak beste Deia egunkarian egin zuen lan, lehenik erredaktore gisa (1980-1985) eta ondoren Arabako ordezkari modura (1985-1990). 1992-1998 artean Juan Mari Atutxaren aginduetara aritu zen Segurtasun Sailean, eta izendapena ezagututa hainbat hedabidek nabarmendu dutenez, bere “eskuin eskua” izan zen. “Sailburuak Legebiltzarrean eta hedabideen aurrean egindako hitzaldi gogorrek bere aztarna zeramaten”, argitaratu du Naizek. 1992-1998 aldia liskar handikoa izan zen Ertzaintzaren eta ezker abertzalearen zein mugimendu herritarren artean, eta Atutxa gogorkeriaren sinbolo bilakatu zen batzuentzat, irmotasunarena besteentzat.

Behin Segurtasun Saila utzita, lehendakaritzaren Kabinete buru izan zen, eta 2009-2024 urteen artean Europako Parlamentuko legebiltzarkide-aholkulari aritu zen Izaskun Bilbaoren ondoan. Azken hilabeteetan ETB2ren En Jake saioko tertulietan parte hartu du.

Olga Fernandino, Goikolearekin batera

Goikolearen izendapenarekin batera Olga Fernandinorena ere jakinarazi du Jaurlaritzak, Administrazio eta Zerbitzuen zuzendari gisa. Irekia atarian irakurri daitekeenez, Ubarretxena bozeramaileak prentsaurrekoaren azken punturako utzi du izendapenaren albistea. Hau da eman duen informazio guztia: “Goikolea eta Fernandino arduratuko dira Akademiaren hezkuntza-eredu berria gauzatzeaz. Besteak beste, aurrerantzean ikasleek gaua berriro Arkauten igaro beharko dute beraien prestakuntzak irauten duen bitartean eta Arkanpus plataforma digitalaren bidez online heziketa eredua ere garatuko da”.

Kazetarien galderei ez die erantzun, eta azalpen gehigarriak Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak emango dituela azaldu du.

Dimisio eta tentsioen osteko izendapena

Abuztu hasieran Miren Dobaran Arkautiko zuzendariak eta Amaya Angulo zuzendariordeak beren ardurak utzi zituzten, karguan urtebete eskas egin ondoren. Publiko egin zen gutunean esperientzia “guztiz aberasgarria” izan zela adierazi zuten, baina hedabideetan azkar zabaldu ziren informazioak, dimisioak akademia barneko tentsioekin eta Dobaranek eta Angullok bultzatu nahi zituzten hainbat aldaketen aurreko erresistentziekin lotuta zeudela ziotenak.

Zentzu horretan, Berriak nabarmendu du Goikolea “eskarmentu handikoa” dela, Ertzaintzaren “barruko mekanismoak” ezagutzen dituela, eta erantzukizunak ez duela “izutzen”. Hedabideak ziurtatu du, jakin duenaren arabera, Goikoleak badakiela “erronka handia” duela eta Arkautin “ zer zuzendu eta hobetu” badagoela.

Goikolea eta Atutxa 1995ean EFE